LHZ: Jaurlaritzaren planaren kontra agertu dira ibarreko hainbat elkarte

Ibarreko zenbait gizarte eragilek ekintzak antolatu dituzte Lurralde Zatikako Planaren kontra. Besteak beste, mozioak aurkeztuko dituzte Jaurlaritzak Urkulun egin nahi duen planaren aurka. Eskoriatzako Udalak azaroaren 27an onartu zuen mozioa. Aretxabaletan eta Arrasaten ere aurkeztuko dute.

Lurralde Zatiko Plana tarteko dela, Urkulun 1000 etxebizitza egitea dago pentsatua, Bedoña eta Eraña auzoen artean. Horietatik 300 Arrasaten, 400 Aretxabaletan eta beste 300 Eskoriatzan. Gainera, Eusko Jaurlaritzak nahi du ur parkea eta beste hainbat azpiegitura egitea. Horren guztiaren kontra elkartu dira hainbat gizarte eragile eta ekintza ezberdinak antolatu dituzte. Hilaren 16an prentsaurrekoa eskainiko dute Arrasaten, 17an hitzaldia egingo dute Eskoriatzan. Abenduaren 20an, berriz, mendi martxa antolatu dute Aretxabaletatik Urkulura.

Ezker Batua eta Aralar alderdiak, CCOO, UGT, LAB eta ESK sindikatuak, ekologistak martxan eta elkar-lana taldeak eta Besaide mendi elkartea dira mozioa aurkeztu dutenak. Talde horiek eskatzen dute informazio gehiago Lurralade Zatiko Planaren gainekoa.

Eskoriatzako Udalak azaroaren 27an onartu zuen mozioa. Gizarte eragileen asmoa da Aretxabaletan eta Arrasaten aurkeztea mozioa. Hori, baina, datorren hilabetean izango da.

Mozioak eskatzen duena

Mozioak zera eskatzen du; Arrasate-Bergara Lurralde Zatiko Planaren beste erakustaldi publiko bat egitea eta Urkuluko “Habitat Alternativo” deiturikoa baztertzea planetik. Mozioa Gipuzkoako Aldundira eta Eusko Jaurlaritzara bidaliko dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.