Salmenta onak Durangoko Azokan

Debagoienako idazle eta musikariek ere salmenta onak izan dituzte itxi berri den Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokan. Ruper Ordorikan azken lana esaterako, disko salduenetakoa izan da.

" Kantuok jartzen ditut " diskoa, Ruper Ordorika musikariaren azken lana, diskorik salduenetakoa izan da aurtengo edizioan. Metak argitaletxeak atera du diskoa eta jende asko joan da postu horretara Ruperren azken diskoaren bila. Durangoko taberna askotan ere abeslari oñatiarraren kantuak entzuten ziren.

Juan Carlos Irizar musikaria ere gustura dago. Azokaren lehen egunean, ostegunean, gazte bat joan omen zitzaion bere azken lana erosteko gogoz, " Oroitzapenerako baladak ". Hori seinale ona izan zitekeela pentsatu zuen berak eta horrela izan dela dirudi, pozik azaldu da eta musikari oñatiarra.

Poemak, neskek nahiago

Ondorio horixe atera du behintzat Iker Barandiaran idazle arrasatearrak. Arrasateko Apokaliftin Kultura Elkarteak bi liburu eraman dtiu aurten azokara. Bat, Lekeitioko Txili Lauzirikaren " Euriaren mailukadak " poema liburua. Asko saldu ziren, eta erosle gehienak neskak zirela konturatu zen Iker. Izan ere bera ere postu berean egon da idatzi duen " Hamar elkarrizketa " liburua saltzen. Makina bat liburu sinatu ditu berak ere.

Gerardo Markuleta idazle oñatiarrak ere poema liburu bat eraman du Alberdania argitaletxearen eskutik, " Batak ez du bestea kentzen ". Larunbatean hantxe izan zen liburuak sinatzen, baina bere esanetan, poesiak ez du prosak beste saltzen. Hala ere gaineratu du liburuak oso arrera ona izan duela.

Guztira hamabost bat argitalpen berri eraman dituzte debagoiendarrik aurtengo Durangoko Azokara.

Oasi bat

Inoiz baino arrakastatsuagoa izan da aurtengo Durangoko Azoka antolatzaileen ustez. Bai jende aldetik, eta bai salmenta aldetik. 130000 pertsona inguru joan dira azokara pasa den asteburu luze honetan, eta inoiz baino gehiago saldu da.

Balorazio baikorra egiten du Gerediaga Elkarteak, eta hauxe dio: " egia bada euskal mundu editorialean krisia dagoela, Durangoko Azoka oasi bat da krisi horretan".

Dagoeneko hasi dira 39. Euskal Liburu eta Disko Azokan pentsatzen.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.