Debagoieneko eskaintza Durangoko azokan

Hamabost bat argitalpen berri eramango dituzte debagoiendarrek Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokara; kontzertu eta hitzaldiak ere egingo dituzte. Ibarreko idazle, elkarte, argitaletxe eta musikariek gero eta presentzia sendoagoa dute Durangoko azokan.

Literatura eta argitalpenak

Aurten, literatura eta argitalpenen arloan izango da ibarrekoon eskaintzarik ugariena. Oso berritasun erakargarriekin joan dira Durangora ibarreko hainbat idazle, argitaletxe eta elkarte.

Gerardo Markuleta idazle oñatiarrak azken lana eraman du azokara: Batak ez du bestea kentzen poema liburua, Alberdania argitaletxearen eskutik. Markuletaren laugarren poesia liburua da, eta aurrekoak baino "luzeagoa eta sendoagoa" dela esan du egileak. Liburuak Joseba Jaka IV. Literatura Beka jaso zuen.

Apokaliftin Kultura Elkarteak bi liburu eskaintzen ditu: Iker Barandiaran kazetari arrasatearraren Hamar elkarrizketa eta Txili Lauzirika lekeitiarraren Euriaren mailukadak poema liburua. Horrez gain, Putz aldizkariaren hainbat zenbaki salduko dituzte.

Euskara elkarteen lanak

Liburu gehien Badihardugu Deba ibarreko euskara elkarteak eraman ditu. Elkarteak Debagoieneko eta Debabarreneko udalek eta egileek prestatutako liburuak eraman ditu; horietatik 40 bat Debagoienekoak dira, berritasun zein berrargitalpenen artean.

Liburu berriak hamar bat dira; gehienek herri bakoitzeko historia, toponimia, euskalkia… lantzen dituzte. Gutxi batzuk aipatzearren, Jose Mari Velez de Mendizabalen Jose Mari Azkarraga Mozo Lurgorri eta Aramaio eta Arrasate eta Juan Luis Bikuñaren Iriaun, frantsesen urrea eta Elosu liburuak egongo dira.

Eta azokan egongo da baita Arrasateko AEDren Jokin Zaitegi sariketaren eskutik burutu den Zoririk ez lana ere, Imre Kertesz Nobel saridunaren nobelaren itzulpena. Elkarlanean argitaletxearen proposamena da hau.

Musika eskaintza

Musika kontuetan ere izango dute zeresana debagoiendarrek. Durangoko azokako urteroko eskaintza osatzen duten bi musikari oñatiar egongo dira bertan: Ruper Ordorikak, alde batetik, Kantuok jartzen ditut azken diskoa eraman du Durango aldera. Bertako hotsak zuzenean entzuteko aukera izango da, gainera; izan ere, hilaren 7an, domeka, kontzertua eskainiko du kantautore oñatiarrak Durangon, 22:00etan.

Oñatiarraren azken lana Metak diskoetxearen postuan egongo da, eta baita Sen eta Hendrik Roeverren diskoa ere; Sen eta Latzen taldeen abestien moldaketak dira.

Juan Karlos Irizar piano jotzaile oñatiarraren lan berria ere egongo da Azokan: Oroitzapenerako baladak.

Era berean, ibarreko jai errotuenetariko baten musika eskura izango dugu azokan: hain zuzen ere, Korpusetako doinuak, Gipuzkoako dantzak diskoan, Elkarlanean argitaletxearen eskutik.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.