Pasa den domekan ospatu zen Donostiako Maratoia. Hogeita seigarrena izan da aurtengoa eta 2.400 lagunek parte hartu zuten. Horietatik 1.864 lagun iritsi ziren helmugara. Lehenengoa Peter Korir Keniarra izan zen. Afrikarrak izan ziren arren protagonista nagusi, debagoiendar ugarik egin zuten antxintxika domekan.
Roberto Zurro ibarreko onena
Ibarreko berrogeita hiru lagun iritsi ziren helmugara. Horietan azkarrena Roberto Zurro bergararra izan zen. Bi ordu hogeita hamazazpi minutu eta hamabost segundo behar izan zituen bergararrak maratoiko berrogeita bi kilometroak burutzeko. Zortzigarren aldiz korritu zuen Roberto Zurrok Donostiako Maratoia eta azken lau urteetan bezala bergarar onena izan zen. Sailkapen orokorrean 31. postuan geratu zen Zurro. Gustura dago bera egindako lasterketarekin bere markarik onena lortu baitu. "Gustura korritu nuen domekan. Aurtengoa nire zortzigarren maratoia izan zen eta badakit zein erritmora joan naitekeen" azaldu du Zurrok.
Pagaldai, markak hautsiz
Nabarmentzekoa da baita Bixente Pagaldai bergararraren lana. Bere marka orain arte ospatu diren Donostiako Maratoi denetan parte hartzea eta horiek amaitzea da. Aurten, gainera, joan zen urtean baino marka hobea egin du.
Bigarren debagoiendarra Iker Larrea antzuolarra izan zen. Helmugara iritsi ziren ibarrekoen artean bi bakarrik izan ziren emakumezkoak.