Espainiako Armadako soldaduak Debagoienean ere ikusi ditugu

Aintzane Irizar 2003ko aza. 7a, 12:22
Oraingo astean, lagunarteko solasaldietan ez da falta izan militarren presentziaren gaia. Euskal Herriko hainbat herritan ikusi ahal izan ditugu Espainiako Armadako soldaduak eta helikopteroak; gure ibarrean ere aste osoan ibili dira.

Astelehenean hasi ginen ikusten Espainiako Armadako helikopteroak, ibilgailuak eta soldaduak eurak. Ordutik, eguneroko kontua izan da hori, Euskal Herriko eta Debagoieneko herrietan.

Euskal Herriko hainbat komunikabidetako hizpide ere izan da inbasio hori; Sustatun ere maniobren berri zabal eta luze eman zuten. Euskal Herri osoko jendeak hartu du parte weblog horretan, aste osoan.

Oraingo hau, baina, ez da horrelako maniobrak egiten dituzten lehendabiziko aldia; orain dela pare bat urte ere ibili ziren ibarrean, eta orain dela zortzi urteko ARETXAGAZETA baten irakurri dugu zela ibili ziren militarrak Aretxabaletan.

Helikopteroek lur hartu zuten

Astelehenean bertan, Urkuluko urtegiaren ondoan lur hartu zuten bi helikopterok. Inguruan bizi den herritar batek horrelaxe kontatu digu ikusitakoa: “lehendabizi, Arkarazon lur hartzen saiatu ziren bi helikoptero; itxura denez, ez zuten lortu, eta Urkulu aldera joan zirela ikusi nuen”. Urkulun, baina, lortu zuten euren helburua. Hantxe lur hartu zuten helize bakarreko helikoptero batek, eta bi helizedun beste batek. Soldaduak helikopteroetatik jaitsi ziren, baina handik gutxira alde egin zuten.

Martitzenean, berriz, Elgetan izan ziren. Kamioiekin joan ziren herrira, eta hilerri ostean egon ziren; ondoren, herrira joan ziren eta erosketak egiteko aprobetxatu zuten bisita hori. Gainera, iturri batzuen arabera, umeei armak erakusten ibili ziren soldaduak.

Apotzagako auzotarrek ere gertutik bizi izan dute armadako kideen etorrera. Astelehenean, bi helikopterok lur hartu zuten auzo horretako zelai baten, eta hogei bat soldadu atera ziren helikopteroetatik. Hara eta hona ibili eta gero, alde egin zuten.

Ehiztariei ere joan zitzaizkien

Aramaio aldean usotan zebilen ehiztari talde batek ere izan zuen militarren bisita. Automobilak zeuzkaten tokitik kentzeko esatera joan zitzaizkien, helikopteroek lur hartu behar zutela eta.

Kanpanzar gainean ere egon dira egunotan soldaduak. Hantxe dagoen jatetxera joan ziren, tabakoa erostera. Bestalde, hainbat herritarren esanetan, Kanpanzar eta Elgeta artean kanpamentua jarri zuten, gauez. Hortaz, Espainiako Gobernuko iturriek Araban bakarrik ibili direla esan duten arren, gurean ere izan dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak