Ohiko batzar orokorra zuen Mankomunitateko Gobernuak atzo. Batzarrean, ostera, azken asteotan bazterrak harrotu dituen gaia zuten hizpide: ibarreko garraio arazoa. Horren inguruko azalpenak emateko Gipuzkoako Foru Aldundiko Lur eta Garraio zuzendaria izan zuten, Kote Olaizola hain zuzen.
Epe motzerako irtenbideak
Zentzuzko irtenbideak behar dituela ibarrak esan zuen Kote Olaizolak, ez hori bakarrik, epe motzera begira, gainera. Aspalditik dauka Eusko Jaurlaritzak tranbiaren proiektua ibarrerako, eta Eibar-Gasteiz autopista ere etorriko da urte batzuk barru. Tranbia, autobus zerbitzuarekin batera eskaintza polita izan liteke, baina epe luzera. Hortaz, Foru Aldundiaren ustetan, ez bata ez bestea, ez dira momentu honetan dagoen arazoaren konponbide.
Eskaintza on bat egin behar zaio herritarrari, baina herritarrak garraio publikoa erabiltzera bultzatuko dituen ekintzak ere beharrezkoak izango direla uste dute Lur eta Garraio Sailean; izan ere, norberaren automobila erabiltzera ohituta daude herritarrak. Neurri zorrotzak hartzeko ere gertu azaldu zen Kote Olaizola.
Arazoari aurre egiteko lan taldeak osatzekotan geratu ziren. Batetik Foru Aldundiko Lur eta Garraio sailean aztertuko dute arazoa, eta bestetik Mankomunitateak, berak, egingo dio jarraipena. Lehenengo azterketak egin ostean, bigarren bilera baterako hitzordua jarriko dute.