Agustin Letona: “Enrikeren alde lan egiteko bilgune bat sortzen dihardugu herrian”

Maiatzean aske geratu zen Enrike, 30 urteko kartzela zigorra bete ondoren; uztaileko azkeneko egunean berriro atxilotu zuten, eta Valdemoroko kartzelan dago gaur egun, isolamenduan. Agustin bere anaiarekin berba egin dugu, azken berriak ezagutzeko.

Ze egoeratan dago momentu honetan Enrike?

Esan digunez, pertsonalki, gogor dago; berak esaten diguuste duela egoera hau ezin dela luzerako izan. Eskaera bat ere egiten digu senitartekooi: mugitzeko eta egoera hau gizarteari azaltzeko, jendea ohartu dadin berarekin zer egiten diharduten.

Bestalde, aipatzekoa da kartzelan ze egoeratan dagoen, isolamenduan dago: ziega baten bera bakarrik dago, ez dauka inorekin harremanik, eta egunean lau orduz bakarrik egoten da patioan. Patioa, gainera, oso txikia da; esan daiteke, ziega handi bat dela.

Juridikoki, zein da bere egoera gaur egun?

Jakingo duzuen moduan, San Inazio egunean atxilotu zuen Ertzaintzak Arrasaten bertan. Garzon epailearen aginduz atxilotu zuten. Behin-behineko kartzelaratzea erabaki zuten. Kartzelaratzeko autoa, baina, ez zuten eman hamabost egun pasatu ziren arte. Ordura arte, Soto del Realgo espetxean egon zen, eta handik Valdemorora eraman zuten; ordutik, hantxe dago, esan bezala, isolamenduan.

Kartzelaratzeko autoaren ondoren, abokatuek aske lagatzeko eskatu zuten, eta atzera bota zuten eskaera hori. Orduan, helegiteen bideari ekin zioten. Bigarren helegitea ere aurkeztu dugu dagoeneko, eta seguruena, atzera botako digute hori ere. Hori gertatzen bada, geratuko zaigun aukera bakarra izango da Auzitegi Konstituzionalera jotzea. Aipatzekoa da helegiteei erantzuteko denbora asko behar izan dutela; ez dakigu zergatik, baina prozesua asko atzeratzen dihardute.

Ze esperantza daukazue?

Esperantza badaukagu; lehen esaten nuen moduan, Enrikek berak ere esaten digu hau ezin dela denbora askorako izan. Enrikek ez luke kartzelan egon behar. Izan ere, Estatu espainiarrean bete daitekeen zigorrik handiena bete du, 1979tik 1983rako sumario bategatik; eta orain, garai hartako beste sumario bat zabaldu eta kartzelaratu egin dute. Estatuan ez dagoen bizi guztirako kartzela zigorra praktikan jartzea da hori. Juridikoki, honek guztiak ez du zentzurik; hortaz, pentsatzen duguna da mendekua dela edo erabaki politiko bat dela.

Egoera honen aurrean, ekimenik antolatuko duzue?

Bai; Enrike Letona etxera izeneko bilgunea sortzen dihardugu eta hainbat ekimen antolatzeko asmoa dugu. Bilgune horretan herriko esparru guztietako elkartzea da gure helburua.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.