2008a ez zen urte ona izan ekonomiarentzat, eta Euskaidko Kutxak gaur egin duen iazko datuen aurkezpenean argi geratu da hori. 100,5 milio euroko etekinak izan zituen 2008an Euskadiko Kutxak, 2007ko ohiko mozkinak baino %11,5 gutxiago. Datuak baina, kezkagarriagoak dira Lehman Brothersen afera kontutan hartzen bada: hauek aintzat hartuta, etekinek %45,6 egin zuten behera.
Dena den, iazko urteak emandakoaz, orokorrean balorazio positiboa egin dute Euskadiko Kutxako arduradunek, batez ere sektoreko beste erakunde batzuen zifrekin alderatuz.
Hala, adierazi dutenez, aktiboaren eta pasiboaren hazkundean zein marjinetan, sektoreko batez besteko ratioak gainditu ditu, eta morositate edo berankortasunari dagokionez, sektorean bataz bestekoa %4 bada, Euskadiko Kutxan %2,2a da. Likidezia ere egoera onean dagoela azpimarratu dute; 500 milioi euroko egiturazko likidezia du Euskadiko Kutxak, eta horri, Europako Banko Zentraletik berehala deskontagarriak diren 2000 milioi euro gehitu behar zaizkio. Kaudimen ratioak behera egin duen arren, zehaztu dute sektoreko handienetako izaten jarraitzen duela.
Gaineratu dute era berean, krisiaren eragile nagusienetakoa izan den higiezinen sustatzaileetan egindako inbertsioa ere txikiagoa dela Euskadiko Kutxaren kasuan: %11,7; gainerakoetan berriz, %17,2.
Bulego eta langileei dagokienez, 2008an 401 bulego zituen Euskadiko Kutxak Espainiar estatu osoan, eta 1976 bazkide. Esan dute ez dute momentuz ez dutela bulego gehiago irekiko, baina printzipioz ezta itxi ere.
Azpimarratu dute baita ere, Euskadiko Kutxa lehen postura igo dela zerbitzu kalitate handieneko entitateen sailkapenean.
2009ra begira
2009rako aurreikuspenei dagokienez, asmoa da ahal den heinean aurtengo etekieni eustea, eta Euskadiko Kutxako arduradunek gaineratu dute finantza erakundeak horretarako oinarri sendoa duela. Familiekin hartutako konpromisoak ere azaldu dituzte: 1000 milioi euro hipoteka kredituetan, 350 milioi euro kontsumo maileguetan eta horrez gain, 350000 bezerok 5000 milioi euroren kredituak izango dituzte aldez aurretik onartuta. Enpresekin 3000 milioi euro inbertitu ditu Kutxak.