10 milioi euro inguruko aurrekontua onartu du Mankomunitateak

Txomin Madina Milikua 2007ko abe. 20a, 18:12
Debagoieneko Mankomunitateak 2008rako aurrekontua onartu du. 10 milioi euro pasatxokoa izango da datorren urterako aurrekontua, aurtengoa baino %18,6 gutxiago. Jaitsiera honen arrazoia inbertsioetan dago, izan ere, inbertsio gutxiago egingo ditu Mankomunitateak 2008an.

Bi abstentzio

Atzo egin zuen Debagoieneko Mankomunitateko Gobernu batzordeak abenduko batzarra, eta bertan onartu zuten 2008rako aurrekontua, denera 10.196.865 eurokoa izango dena. Batzordea osatzen duten 14 ordezkarietatik 12k eman zuten aldeko botoa, eta bi abstenitu egin ziren, Oñatiko udaleko ordezkariak hain zuzen ere.

Jaitsiera

2007rako aurrekontuekin alderatuz, 2008an %18,6 jaitsiera izango du Mankomunitateko aurrekontuak. Inbertsioen jaitsiera da beherakada horren arrazoia, izan ere, inbertsioak %74,24 gutxiago izango dira datorren urtean. Ia 1.200.000 euro erabiliko dituzte inbertsioetarako.

Inbertsioak

Inbertsio garrantzitsuena, lur azpiko edukiontziak egiteak eskatuko du, denera 588 mila euro. Inbertsio horretarako ekarpena baina, lur azpiko eudukiontziak jarri nahi dituzten udalek egingo dute. Hiltegian sortzen diren diru beharrei aurre egiteko, 52.000 euro gordeko dituzte, eta Mankomunitatearen egoitza izango den Zaldibarko eraikinerako 300.000 euro izango dira, altzaritarako eta gain kostuetarako erabiliko dena. Honetaz gain, 60.000 euro erabiliko dira Akei eta San Balerioko lur sailak Arrasateko Udalari erosteko.

Ekarpenak

Aurrekontuak osatzeko ekarpenei dagokienez, udalek jarriko dute erdia baino gehiago, denera 5.500.000 euro. Iazko ekarpenekin alderatuz, %9,5 gehiago jarri beharko dute udalek, denera 478.000 euro gehiago. Horietatik 370.000 euro Sasietako zabortegiaren tasen igoerak eragin ditu. %44,1eko igoera izan dute Sasietako tasek, eta horrek, ezinbestean ekarri du udalen ekarpenen igoera, ekarpenok baitira zatirik garrantzitsuena zaborren kudeaketari dagokionez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak