09:00etatik aurrera Elosuko ganadu feriaz gozatzeko aukera

Monika Belastegi Aranzabal 2010ko urr. 12a, 11:02
Ganaduarekin batera jaki eta artisau postuak egongo dira, besteak beste. Aurtengo berrikuntza da arratsaldean egongo den aizkora eta motozerraren arteko erronka.

Oraingoz, behintzat, ateri da, eta horixe da komeni dena Elosuko ganadu feriaren 32. aldia borobila izateko. Gainerakoa antolatzaileek jarri dute, Elur Txiki elkarteko kideek, Bergarako eta Azkoitiko udalen laguntzarekin.
09:00etan irekiko dute azoka eta ikusteko asko egongo da. Iaz, proba moduan, aldatu egin zuten azokaren antolaketa, eta, konforme geratu zirenez, bada, aurten ere postu guztiak, jaki zein artisau postuak, plazan jarriko dituzte. Eta ganadua, berriz, zelaietara eroango dute. Jaki postuei dagokienez, Elosuan batuko dira gazta, eztia, ogia... eta baita belar-ukenduak, argizaria... eta lehengai naturalez egindako bestelako produktuak. Artisauei dagokienez, inguruko herrietakoak joango dira –gehiago ala gutxiago eguraldiaren arabera– eta animalien kasuan, berriz, behiak, astoak, zaldiak eta ardiak eroango dituzte baserritarrek. Bestalde, aurten ez da sariketarik egongo ganaduan.
Esandakoez gain, pilotalekuan egongo dira taberna, talo postua eta taulatu txikia. Eta bestelako salmenta postuak ere –jantzi, jostailu, bitxikeria...– egongo dira, urtero bezala, beheko zelaian.  

Arratsaldean erronka

Arratsaldean ere egongo da zer ikusi Elosuan: 17:30ean idi probak egongo dira. Aizarnazabalgo Etxabek eta Elosuko Bentostek nor baino nor gehiago jardungo dute.
Idi proben ostean aurtengo berrikuntzaz gozatu ahal izango da: aizkoraren eta motozerraren arteko erronka: Zubizarreta eta Agitek aizkoraz eta Juan –Washingtongo txapelduna– motozerraz –80 moztualdi– sei egur kana erdiko zeinek lehenago moztu lehiatuko dira.

Urbanoan igotzeko deia

Elosura igotzeko autobusa antolatu dute, azkeneko urteetan bezala. Lehenengoa abiatuko da 09:30ean, San Martin plazatik, eta azkena jaitsiko da 15:00etan, Santutxutik. Bidaia bakoitzaren prezioa euro bat izango da.
Horren haritik, antolatzaileek, Elur Txiki elkarteak, dei egiten diete herritarrei autobusa erabil dezaten auzoan auto pilaketarik gerta ez dadin. Autoei dagokienez, haiendako aparkalekuak egokitu dituzte Santutxun eta auzoaren sarreran dagoen eskumako zelaian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak