Mundu mailan antolatzen den Movember kanpainaren baitan, hainbat bibote ikusi dira azaroan zehar Debagoieneko kaleetatik barrena. Horietako hainbat Bergaran ikusi ahal izan dira, MovemberGara taldeak sustatuta. Gaur eman diote amaiera aurtengo kanpainari, jai giroan. Seiga taldearen musikak girotutako bibote mozketarekin, bukatutzat eman dute aurtengo jarduna. Onoren, elkarrekin bazkaltzera joan dira.
Prostatako mimbizia ardatz
Prostatako mimbizia da Movember mugimenduaren ardatza, eta honen inguruan sentsibilizatzea eta ikerketarako dirua biltzea du helburu. 2003an sortu zen Australian, Melbourne, prostatako minbizia zuen lagun baten alde bibotea hazten uztea erabaki zuten 30 gazteren eskutik.
Bergarako taldeak MovemberGara izena dauka, eta urteak daramatzate azaroan hainbat ekintza antolatzen. "Movember prostatako minbiziaren inguruko sentsibilizazio taldea da, eta Bergaran MovemberGararen forma hartzen du. Herrigintzan eta borondate onez mimbiziaren inguruko sentsibilizazio kanpaina honetan murgildu gara", azaldu du taldeko kide Unai Azkaratek.
Taldea egoera onean dagoela azaldu du Azkaratek, eta borondate onenarekin prestatzen dutela azaroko egitaraua, beti ere, taldearen helburuak zeintzuk diren argi izanda: "Lagun talde bat elkartzen gara, astero, eta hilabe osoko egitaraua antolatzen dugu. Gure helburua herriari borondate onez prestatutako egitarau bat eskaintzea da, beti ere, taldearen helburuak lortzeko asmoarekin, hau da, xox batzuk ateratzea, ikerketa oso garrantzitsua delako".