Azaroaren 22an hasi zen Estoniako haize- eta perkusio-instrumentisten lehiaketa, eta atzo, hilak 27 eman zioten amaiera, Tallinn hiriburuan aurkitzen den Estoniako Musika eta Antzerki Akademiako areto nagusian. Epaimahaiak Grand Prix modura ezagutzen diren bi sari nagusi banatu zituen, eta horietako bat Andoni Moñux tuba-jotzaile bergararrak irabazi zuen. Beste saria berriz, Tanel-Eiko Novikov perkusionista estoniarrak eraman zuen etxera.
Finalera sailkatzeko baldintza bakarra aurreko fasean norberaren instrumentu-kategorian lehen saria lortzea izan zen, eta guztira zazpi parte-hartzailek lortu zuten pase hori, tartean, Moñux: "Bigarren kanporaketan tubaren lehen saria ex aequo lortu nuen". Finalean Estoniako Orkestra Sinfoniko Nazionalarekin jo zuten parte-hartzaileek, Mikk Murdveeren zuzendaritzapean: "Atzoko finalean Ralph Vaughan Williamsen tubarako kontzertua jo nuen bakarlari gisa, Estoniako Orkestra Sinfoniko Nazionalarekin".
"Esanahi bereziko" saria
2024an joan zen Moñux Estoniara bizitzera, eta tuba-jotzaile profesional gisara jarduten du. Saria irabazi ostean, honek, esanahi berezia duela azaldu du: "Estonian bizi eta lan egiten dudanez, Tartuko Vanemuine antzokiko orkestra sinfonikoan tuba bakarlari gisa, sari honek esanahi berezia du niretzat". Ez da bergararrak aurten irabazten duen lehen saria, izan ere, irailean Hego Koreako Jeju uhartean jokatu zen 21. Nazioarteko Metal eta Perkusio Lehiaketan bigarren postua eskuratu zuen.