Aste osoko egitaraua antolatu dute Euskararen Eguna ospatzeko

Eki Letona Erretolatza

Ai gure juaneteak antzezlana. Argazkia: Tartean Teatroa.

Euskararen Eguna ospatzeko egitarau zabala antolatu dute Bergaran, azaroaren 30etik abenduaren 4ra bitartean.

Jardun Euskara Elkarteak, Bergarako Udalak eta herriko beste hainbat eragilek elkarlanean prestatu dute aste osoko eskaintza. Euskararen Egunean izango dira ekitaldi nagusiak, baina aurreko egunetan ere hainbat jarduera egingo dituzte.

Egitarau anitza

Nerea Mendizabal Jarduneko kideak azaldu duenez, aurten Euskararen Egunari "indar berezia" emango diote: "Aurten berriz ere apustua egin dugu, guri dagokigulako Euskararen Eguna aldarrikatzea eta ospatzea". Euskararen Eguna egun bakarreko egitarauarekin ospatu beharrean aste osoko eskaintza prestatzearen arrazoia ere azaldu du: "Astearekin egitaraua zabalagoa eta osatuagoa da eta jende gehiagorengana iristeko aukera ematen digu". 

Egitaraua azaroaren 30ean hasiko da, astelehenean, Manex Beristainen Tximeletaren bidaia ipuin kontaketarekin, haurrentzat: "Haurrek heldu batekin joan beharko dute, heriotza eta dolua lantzen dituen ipuina baita". Martitzenean, 19:00etan, berriz, Peru Calabaza idazleak Atizabalik narrazioa aurkeztuko du, Aroztegi aretoan. Abenduaren 2an, kartelak itsasteko ekimen kolektiboa egingo dute, Euskararen Egunaren harira prestatu dituzten hiru kartel-ereduak herrian banatzeko. Jardunen asmoa da, Mendizabalek azaldu duenez, "hurrengo egunean herria kartel horiekin jantzita esnatzea". Asteari amaiera emateko, egubakoitzean, Tartean Teatroaren Ai, gure juaneteak antzezlana taularatuko dute, Seminarixoan.

Abenduaren 3ko ospakizunak

Euskararen Egunean, arratsalde osorako egitaraua prestatu dute. 17:30ean, euskarazko abestien bingo musikatuarekin hasiko dute ospakizuna, Oxirondoko azokan. Ondoren, 18:15ean, merienda emango diete bertaratutakoei, Elikaenearen eskutik. 18:30ean hasita, Irala kalean, Euskarak 365 egun leloa osatuko dute kandelekin. Antolakuntzak doan banatuko ditu kandelak, eta jartzen duen bakoitzak sari baten zozketan parte hartzeko txarteltxoa jasoko du. 18:45ean, eguraldiak laguntzen badu, Musika eta Dantza Eskolako fanfarrearekin kalejira egingo dute, Oxirondotik Irala kalera. Azkenik, 19:00etan, argiztatutako leloaren inguruan Guk euskaraz... abestia kantatuko dute denek batera.

Ospatu "beharreko" eguna

Mendizabalek herritarrak animatu ditu antolatutako ekintzetan parte hartzera. "Euskararen egoera ikusita, etenaldian dagoela esaten den honetan, jendeari parte hartzeko eta euskararen alde bere aletxoa jartzeko dei egiten diogu", adierazi du. Eguraldia eta urteko garaia aldeko faktoreak ez izan arren, Jarduneko kideak azpimarratu du astea eta, bereziki, abenduaren 3a "ospatu eta aldarrikatu" beharreko eguna dela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak