Aurten, 31 lagunek jasoko dute Odol Emaileen Elkartearen aitortza eta domina. San Joxepeko Arin-gunean izango da, 13:00etan. Guztiek ez dute domina berdina jasoko, batzuek gehiagotan eman baitute odola. Hala, odola 100 aldiz eman izanagatik ohoreko domina jasoko dute Pedro Luis Gutierrezek eta Iñaki Lazkanok; jarraian, odola 75 aldiz eman duten gizonezkoak eta 60 aldiz emandako emakumeak saritzen dituen bikain domina jasoko dute Iñaki Larrañagak, Pedro Mujikak, Andres Lore-Uribek, Izaskun Arbuluk, Lourdes Larrañagak eta Edurne Sotilek.
Urrezko domina, aldiz, odola 50 aldiz eman duten gizonek eta 40 aldiz eman duten emakumeek jasoko dute; hauek izango dira: Gorka Arabaolaza, Aitor Aranzabal, Juan Carlos Fernandez, Gorka Gonzalez, Iñaki Madinabeitia, Lucio Reglero, Edorta Villasuso, Ibon Garitano, Paki Casado, Ana Carmen Echeverria, Marta Fernandez eta Laura Laskurain. Azkenik, zilarrezko domina, odola 25 alditan eman dutenei dagokiena, hauek jasoko dute: Oihana Agirrek, Luis Xabier Aramendik, Amaia Aretxagak, Arturo Cachafeirok, Iñaki Diezek, M. Nekane Eskibelek, Mikel Gomez de Balujerak, Jaione Isazelaiak, Inazio Narbaizak, Ane Olabidek eta Jasone Olañetak.
Gazteendako deia
Aurten Bergaran odol-ateratze gutxiago egin badira ere, lehen aldiz egin dutenak gehiago izan dira. Bergarako Odol-Emaileen Elkarteko Pedro Mujikak ondo daki zer den hori; 75 aldiz eman du odola. Adina dela eta, 100. aldira ez da helduko, eta herritar gazteak animatu gura izan ditu. "Arin-gunean elkartzen gara, 16:30etik 20:00era. Erizainak dena ondo dagoela egiaztatu ostean, odola ateratzera pasatzen gara. Horren ostean, zer edo zer jateko aukera dago", dio Mujikak. Odol-poltsa batek hiru pertsonari eman dakieke laguntza. Abenduko odol-emateak hilaren 9an eta 23an izango dira eta interesdunek gotatanta.eus webgunean eman daiteke izena.