Koordinatzaileak prest, azken lanak baino ez dira falta Arrizuriaga zabaltzeko

Idoia Aranbarri Arzuaga

Jone Arroitajauregi eta Ane Calzada Arrizuriaga kanpoan astelehen eguerdian. I.A.A.

Arrizuriagako Kulturgunea eta Txoko Feminista 2027ko lehen hiruhilekoan inauguratzea espero da; Kulturguneko dinamizatzaile Jone Arroitajauregi eta Txoko Feministako koordinatzaile Ane Calzada lanean ari dira iraila ezkero.

2012a ezkero dago itxita Arrizuriaga jauregia; 2022an hasi zituzten eraikina egonkortzeko lanak, eta une honetan azken ukituak eman eta hornitzea baino ez da falta han kokatuko diren Kulturguneak eta Txoko Feministak 2027ko lehen hiruhilekoan ateak ireki ditzaten. Arrizuriaga izango dena erabakitzeko prozesuak ere egin dituzte azken urteetan, eta iraila ezkero ari dira Udalean lanean Kulturguneko dinamizatzaile Jone Arroitajauregi Aranburu (Eibar, 1970) eta Txoko Feministako koordinatzaile Ane Calzada Mina (Legazpi, 1997). Biekin elkartu da GOIENA Arrizuriaga bertan haien lana ezagutu, eraikina bertatik bertara ikusi eta etorkizunaz berba egiteko.

Arroitajauregik adierazi du bere lana izango dela batez ere Kulturgunea antolatzea, eta herriko kultur eragileen interlokutore izatea. Calzadak, berriz, Txoko Feminista bideratuko du: "Emakumeek* edukiko dute protagonismoa eta erabakiak hartzeko ahalmena. Nik bideratu egingo dut. Haiek erabakiko dute txoko honen jarduna eta ni hori errazten saiatuko naiz". Horrekin batera, Jabekuntza Eskolak antolatzeko ardura ere berea izango da.

Plaza deitutako gunea, beheko solairuan. (Argazkia: I.A.A.).

Sinergian lanean

"Ikuspegi publiko-komunitarioa da bi proiektu hauek batzen dituena, eta horregatik erabaki da bi proiektu hauek batera jartzea elkarbizitzen hemen. Kultur proiektuan ez dugu nahi herritarrak kultur-kontsumitzaile hutsak izatea; baizik eta sorkuntzaren parte izatea ere bai. Txoko Feministan ere nahi dugu Bergarako emakumeak aniztasun horretan ez izatea soilik Jabekuntza Eskoletako edo berdintasun ekintzetako kontsumitzaile hutsak. Sozialki eta politikoki antolatuta dauden emakumeak izatea nahi dugu", azaldu dute.

Antolakuntza eta gobernantza eredu berdina izango dute; "soziokrazian" oinarritutakoa. "Erabakiak taldeetan hartuko ditugu taldeetan. Partekatzen dugun zirkulua izango dute bi proiektuek eta lehenesten da erabakiak adostasunez hartzea. Horretarako, herritarren parte-hartzea ezinbestekoa izango da proiektua bizirik mantentzeko".

Eraikinaren antolaketa

Guztira lau solairu ditu Arrizuriaga jauregiak, eta hurrengoa izango da banaketa. Eraikinera sarrera nagusitik sartu eta eskuinera erabilera anitzeko aretoa dago eszenatoki batekin; ezkerretara berriz, Plaza deituriko txokoa eta sofaz eta mahaiz hornituta egongo da. Erdisotoan, ikus-entzunezko gela, soinu-gela, bi kameriino, komunak, kantina eta biltegi nagusia daude.

Lehen solairuko bulegoetara lekualdatuko da Udaleko kultura saila. Horretaz gain, irekia den, kortina bidez banatu daitekeen eta lur berezia daukan Gorputz gela dago; baita ekintza ezberdinak egiteko gela bat ere. Bigarren pisua izango da Txoko Feminista, eta han izango du koordinatzaileak bulegoa. Egongela bat, zerbitzuetarako eta bileretarako gelak, tailerretarako gela eta mugimendu gela daude. Kanpoan ere aukera egongo da oholtza mugikor bat jarri eta kontzertuak emateko.

Mugimenduen gela, lehen solairuan. (Argazkia: I.A.A.).

Esperimentatzeko gunea

Bergaran, besteak beste, Seminarixoa edota Aroztegi bezalako aretoak egon arren, Arroitajauregik azaldu du Kulturgunea "hori baino lehenagoko pausoa" izango dela: "Asmoa da izatea sortzeko gunea eta esperimentatzeko gunea. Orain dauzkagun baliabide gehienetan lana bukatuta dago eta erakutsi egiten da. Sortzeko eta esperimentatzeko gunea izango da. Eragile askok badaukate lekua entseatzeko, baina ikuspegia da lana sortu eta erakustea".

Jabekuntza Eskolaz harago

Txoko feminista Jabekuntza Eskolaren egoitza nagusia izango da, nahiz eta ekintza batzuk "duten izaeragatik" herriko beste espazio edo auzo batzuetan egiten jarraitu. Calzadak gehitu du, emakumeen antolakuntza politiko eta sozialerako toki bat izango dela; baita, talde autoantolatuak garatzeko lekua ere. Nahiz eta oraindik zehaztu gabe eduki, hainbat zerbitzu ere eskainiko dituzte: "Erabakitzeko daukagu zeintzuk, baina bi zerbitzu espezializatu behintzat edukiko ditugu bertan". 

Adin, jatorri eta errealitate desberdinetako emakumeek izango dute lekua eta koordinatzailearen esanetan, hori da edozein azpiegiturak duen erronka: "Nabarmendu nahi dugu emakumeek badituztela jakintza asko partekatzeko. Ez dugu nahi soilik izatea Jabekuntza Eskolaren erabiltzaile hutsak. Bakoitzak partekatzeko eta erakusteko duen horretatik abiatuta sortuko dira lantalde autoantolatuak, eta emakumeek jakintzak partekatuko dituzte. Orduan, indargune horretatik abiatuta egingo dute beraien martxa".

Erronka, Arroitajauregirendako eta Calzadarendako

Jone Arroitajauregi: "Ilusio askorekin hartzen dut. Benetan, erronka handia da, baina Bergaran badago nondik tira egin. Kultur eragile sarea oso-oso zabala da eta denok ulertzen dugunean zer eskaintzen den eta hemen ze aukera dauzkagun, uste dut oso-oso baliagarria izango dela denondako; baita niretako ere".

Ane Calzada: "Esan dezaket, niretzat, opari bat bezalakoa dela datorrena. Erronka handia da Arrizuriagak aniztasunerako tokia izan behar duelako, eta hori ez delako erraza. Baina opari bat da horrelako prozesu komnitario bat zabaltzea herri batea. Benetan, esaten dizut: oparia da".

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak