EAJren hautagaiak Miguel Altuna Lanbide Heziketako zentroa bisitatzen izan dira

Hasier Larrea

Espainiako Diputatuen Kogresurako eta Senaturako EAJren hautagaiek Bergarako heziketa zentroa bertatik bertara ezagutu dute gaur, Debagoieneko ordezkari politikoek lagunduta. Gipuzkoatik Kongresurako bigarren doan Eneko Goia eta Senaturako lehenengo doan Luke Uribe-Etxeberria bertaratu dira, besteak beste. 

Gipuzkoak industrian eta sektore horretarako profesionalen formazioan egiten duen duen apustuaren testuinguruan kokatu du Eneko Goiak Bergarako Miguel Altuna Lanbide Heziketa zentroan egindako agerraldia: "EAJk Madrilen Gipuzkoako industriaren izaera berezia kontuan hartzen duten politikak sustatzen jarraituko du, hau da, enpresa txiki eta ertainen aldeko neurriak mahai gaineratuko ditu, orain arte egin duen bezala", esan du. Maribel Vaquero buru duen taldeak kooperatiben aldeko arauak mahai gaineratuko dituela ere gaineratu du Goiak, "egin diren aldaketa edo hartu diren erabaki guztietan" proposatu duen bezala. Azpimarra jarri du lurraldeko enpresei "eraldaketa teknologikoa eta digitalizazioa gauzatzeko pausoak" ematen lagunduko dietela aipatzerakoan. 

"Ikusgarria eta bikaina"

Miguel Altunako bi kidek egin diete ongietorria EAJko ordezkariei: enpresekin harremanak izateaz arduratzen den Gorka Lazkanok eta Mikel Zaldua zuzendariordeak. Zentroaren inguruko datu batzuk eman dizkiete aurrena, eta eraikinean dauzkaten baliabide eta instalazioak erakutsi gero. Goiak adierazi du "ikusgarria" dela Lanbide Heziketako ikastetxea: "Gaur ikusi dugunak bikaintasun zantzuak dauzka. Garbi geratu zaigu zentro eredugarria dela. Euskadin dugun Lanbide Heziketa beti jartzen da adibide gisa, lurraldea gure industriari erabat lotuta dagoela azaltzeko orduan. Zentroa handitzeko beharra dutela jakinarazi digute eta hori pozgarria da guretzat, eredu arrakastatsua dela adierazten duelako. Bertan dauden espezializazioak eta ikasgaiak etorkizunerako beharretara moldatzea garrantzitsua izango da". 

Maiatzeko udal hauteskundeetan Bergarako alkategai izango den Kepa Sebalek, berriz, Miguel Altunak 2028an 100 urte beteko dituela gogoratu du: "Hori dela eta, tokatzen zaigu atzera begirada bat egitea, kontziente izateko zentroaren aldeko apustua ondo egin dela eta ondo egiten jarraitu behar dela. Bergararrok sekulako zortea daukagu halako zentro bat herrian daukagulako, indartu beharreko erakundea da". 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak