Astelehenero bezala, Bergarako pentsiodunak kalera atera dira gaur, 12:00etan. Berezitasun moduan elkarretaratzea egin beharrean, Irala kaletik abiatu den manifestazioa egin dute gaur. Asteazkenean, azaroaren 25ean, Indarkeria Matxistaren Aurkako Eguna izango dela kontuan hartuta, gaurko protestak emakumeengan jarri du arreta. Genero-arrakalarik ez lelopean bleloa zeraman pankartaren inguruan batu dira mobilizazioan parte hartu dutenak, pentsioetan ez ezik, bizitzako beste hainbat arlotan ere emakumeek pairatzen dituzten desberdintasunak salatzeko.
Arrakala horiek "lotsagarriak" direla adierazi du Itzar Usadizaga pentsiodunak, eta, aurrerapausoak eman diren arren, oraindik egiteko asko dagoela nabarmendu du: "Gauza asko ari gara egiten, baina beste asko falta dira egiteko".

Manifestazioa amaituta, irakurketa egin dute, eta azaroaren 25ean Bergaran egingo den elkarretaratzean parte hartzeko deia luzatu diete herritarrei.
Emakumen Pentsiodunen VI. Asanblada
Bestalde, joan den astean Emakume Pentsiodunen VI. Asanblada egin zuten Zumaian, inoizko parte-hartzerik handienarekin. Etxeko zaintzaren inguruko egoera eta faxismoak emakumeengan izan ditzakeen ondorioak izan zituzten hizpide, besteak beste. Usandizagaren hitzetan, "oso aberasgarria" izan zen topaketa.