Akuarelak eta litografiak ikusgai, gaur arratsaldetik aurrera, Aroztegin

Eki Letona Erretolatza

Erakusketako Bergara, Zurruga eta Irizar Jauregia artelanak. Argazkia: Arantzazu Arregi.

Arantzazu Arregi Uriarte bergararraren akuarelen eta litografien erakusketak gaur zabalduko ditu ateak, Aroztegi aretoan, arratsaldeko seietan.

Artistaren ibilbide artistikoan zehar egindako hainbat lan ikusteko aukera izango da, abenduaren 6ra arte; bereziki akuarelan eta litografian landutakoak. Artelanen artean, hainbat Bergarako margolanak dira: Irizar jauregia, Goenkalea eta Zurruga, esaterako.

Erakusketa martitzenetatik egubakoitzera bisitatu ahal izango da, 18:00etatik 20:30era; zapatuetan, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:30era; eta domeketan eta jaiegunetan, 12:00etatik 14:00etara.

Arregiren ibilbidea

1955ean Bergaran jaiotako Arregi Uriarte artista autodidakta da. Txikitatik izan du marrazketarako zaletasuna, eta Luisa Arreguirekin, Miguel Okinarekin eta Julian Ugarterekin egin zituen lehen urratsak pinturan. Hasierako lanetan olio-pintura landu zuen, batez ere, paisaiak ardatz hartuta. Pinturarekin batera, Biologia ikasketak egin zituen, eta, ordutik, irakaslea da. Izan ere, bi arloak uztartu ditu haren ibilbidean.

1988an litografia artistikoa lantzen hasi zen, Artelekun, Donostian, Don Herbert ezagutu ondoren. Han egin zituen lehen lanak, eta teknika horretan sakondu zuen ondorengo urteetan. 2012tik aurrera, berriz, akuarelari heldu dio, bereziki. Koloretako zein zuri-beltzeko lanak egin ditu, eta argitasuna, garbitasuna eta koloreen gardentasuna bilatzen du. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak