Gipuzkoako Ganberak Mauri Arregi berretsi du presidente gisa

Eneko Azurmendi Barrena

Mauri Arregi, Goienako platoan, ekainean.

Gipuzkoako enpresa-sareko 56 ordezkarik osatutako gobernu-organo berriak bergararra aukeratu du berriro erakundeko presidente izateko. Hala, beste lau urte egingo ditu kargu horretan.

Gipuzkoako Merkataritza Ganberak atzo, eguena, eratu zuen datozen lau urteetarako osoko bilkura berria, erakundearen gobernu- eta ordezkaritza-organo gorena. Ekitaldia Ganberan bertan egin zuten, Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Merkataritzako sailburuorde Jakes Agirrezabala buru dela, eta osoko bilkura berria osatzen duten enpresa eta erakundeetako ordezkariek parte hartu dute.

Presidente aukeratu berritan, lurraldearen lehiakortasunean aurrera egiteko anbizioa azpimarratu du Arregik: "Gipuzkoak Europako lurralderik onenetako bat izateko helburua izan behar du, ekiteko, inbertitzeko, berritzeko, lan egiteko eta enpresak hazteko".

Nazioarteko lehiaren, aldaketa geopolitikoen eta trantsizio teknologiko eta energetikoaren erronken aurrean, Arregik enpresei eraldaketa-, berrikuntza- eta nazioartekotze-prozesuetan lagunduko dien Ganbera baten garrantzia nabarmendu du. "Agintaldi berrian, mundua Gipuzkoara hurbilduko duen eta Gipuzkoa mundura zabaltzen lagunduko duen Ganbera baten aldeko apustua egingo dugu, administrazioekin eta gainerako eragile ekonomikoekin lankidetzan".

Atzo, eguena, Ganberan bertan egindako ekitaldiaren osteko argazkia.

Hauteskunde-prozesurako Gipuzkoan jarduten duten 73.309 hautesle deitu dituzte, enpresak eta autonomoak barne. Gipuzkoako Ganberak lurraldeko enpresa-sare osoaren interes orokorrak ordezkatzen eta defendatzen ditu, eta bertako kideek erakundearen gobernu-organoen hautaketan parte hartzen dute.

Osoko bilkura berrian, besteak beste, Ulma Taldea, Fagor Arrasate, Goizper, Danobat eta ArcelorMittal daude.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak