Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketetan podiuma lortzetik zatoz; pozik al zaude?
Bai; txapelketetan aurrean egotea beti da garrantzitsua. Lehenengo postuaren bila joaten naiz, eta lortu ezin bada, ehiza txikian bigarren edo hirugarren sailkatzeak ematen du beste lehiaketetan egoteko aukera. Emaitza onak lortu izan ditut beste askotan, baina inoiz ez naiz hain urrun heldu.
Espainiako Ehiza Txikiko Txapelketarako sailkatu den lehen debagoiendarra zara.
Hala da; hau aurrekari moduko bat izango da. Sekulako maila dago Estatu mailan; pentsa, autonomia erkidego bakoitzeko hiru onenak goaz finalerdietara. Hemen ere sekulako maila dago; Arkaitz Egaña elgoibartarra dugu erreferente: Espainiako txapeldun izatera heldu zen hura. Aurten, EAEko lau ordezkari joango gara, iaz finalerdietako onena izan baitzen Mikel Torne. Uste dut baduela meritua finalerdietara iristeak. Bestalde, eskerrak eman nah dizkiet Armeria Etxaniz eta Kartutxos Trust-eri, final erdietan babestuko naute eta.
Nola prestatzen da horrelako lehiaketa bat?
Urte osoko lana da. Txakurrak mugitu egin behar dira, norberak ere fisikoki ondo egon behar du, eta zortea ere behar da. Faktore txikiek erabakitzen dute horrelako lehiaketa bat.
Nolako txapelketa espero duzu?
Zonako, Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketetan ez da baso-ehizarik egiten; abeletxeetako animaliak erabiltzen dira. Espainiako Txapelketan, baina, baso-ehiza egiten da. Espainiako Ehiza Federazioak duela egun batzuk eman digu iparraldeko finalerdiak izango diren gunearen berri, eta hara joan ginen EAEko lau ordezkariak, txakurrik gabe, lekua ikuskatzera bakarrik. Zaila izango da, hango inguruak ez du hemengoarekin zerikusirik; laua da dena. Animaliei dagokienez, ematen du eper gutxi dagoela eta, batik bat, untxiak ehizatu beharko ditugula. Hemengo txapelketetan galeperrak, faisaiak eta eperrak askatzen dira, baina untxirik ez. Han lehiatzeko beste txakur-mota bat eduki behar da, eta gure txakurrak ez daude horretara ohituta.
Hala ere, finalerako sailkatzeko esperantzarik baduzu?
Aukerak beti daude, baina eperrik gabe zaila izango da. Esan bezala, zorte puntua ere garrantzitsua da, baita esperientzia izatea. Iparraldeko finalerdietan 26 partaide izango gara, eta hegoaldekoan, beste horrenbeste. Lehiaketa bakoitzetik hamabi onenak igaroko dira finalera, eta, nire ustez, EAEko lau ordezkari izanda, pare bat igaroko dira finalera.
Euskadiko Txapelketa Lanbro txakurrarekin lehiatu duzu; eperrik ez dagoela ikusita, beste txakur batekin joango zara?
Txakurra aukeratu baino lehenago, tokia zein izango zen jakin nahi nuen; izan ere, azken momentura arte ez dute hori iragartzen. Egia esan, lekua ikusita, beste txakur batekin aukera gehiago izango nituzkeela uste dut; eramatea pentsatu dudan txakur emea, ordea, ohara dago, eta ezin izango dut eraman. Lanbro txakurrarekin joango naiz, beraz, ez dut beste aukerarik. Nik oilagorrak, galeperrak eta eperrak ehizatzen ditut, ez naiz untxitan ibiltzen. Aste honetan, entrenamenduren bat egiten saiatuko naiz, eta ea nola irteten den txapelketa.
Zergatik erakartzen zaitu horrenbeste ehiza txikiak?
Etxetik datorkidan zerbait da. Aitona, aita eta osaba guztiak izan dira ehiztariak, eta hori bizi izan dut. Niri, bestalde, txakurrarekin ibiltzea gustatzen zait, eta ez dut ehiza txakurrik gabe ulertzen, ehiza mota guztiak errespetatzen baditut ere.