Lehortearen eragina, bailarako lehen sektorean ez ezik, Altzasu eta Gorla elkarte gastronomikoek ere antzeman dute, ur-deposituetako maila jaitsi egin delako, eta, horren harira, hainbat neurri hartu behar izan dituzte. Nahiz eta ur-biltegi independenteak izan, Itxumendi inguruko istinga batetik ura hartzen duten depositu bana daukate bi elkarteek. Horretaz gain, beste laku batetik ura hartzen duen biltegia dauka Gorlak. "Bizitza osoa eman dut zerura eta aplikazioetan begira, euririk egin ez dezan, eta orain, baserritarrak bezala, zerura begira nabil euria egin dezan. Egin duen euria ez da nahikoa gure deposituak betetzeko. Zain gaude ea urmaela betetzen den eta hortik gure depositurako bidea egiten duen", dio Iker Badiolak, Altzasu elkarteko presidenteak.
Gorlako presidente Aintzane Aranak adierazi duenez, Itxumenditik datorren ura erabili ohi dute haien elkartean, baina, euri gutxi egin duenez, deposituko maila jaitsi egin da: "Azpiegitura ona daukagu. Horrelakoetarako daukagu beste depositua, baina, azkenaldian erabili ez dugunez, bestea ere bete barik zegoen. Ur-ihesa zeukan, eta ur barik geratu ginen. Ez zegoen urik kozinatzeko, komunean ere ez... Denerako behar da ura". Elkartea itxita egon zen irail hasieran eta urriko lehen bi asteetan.
Gaur egungo neurriak
Gorlaren itxierak alertan jarri zituen Altzasukoak. "Noizbehinka begiratzen zen urmaela ea garbi zegoen edota handik biltegira doan hodia garbi ote zegoen. Baina orain hasi gara neurtzen iturburuaren eta ur-biltegiaren edukiera, izaten den kontsumoa... Jarraipen bat egin dugu. Esan diezazukedana da ur-depositua %20ra dagoela gaur egun", azaldu du Badiolak.
Elkartean ura badago ere, dutxak ixtea erabaki dute, "ur-emari handia joaten delako". Horretaz gain, bazkideei kontzientzia eskatu diete, "arazoa larria delako". Beste irtenbide batzuen bila ere badabiltza: "Ur-zisternarena da aukerarik argiena". Gehitu du ez litzatekeela lehenengo aldia izango: "Galdezka ibili gara, eta behin gertatu omen zen horrelako lehorte bat; nik ez daukat gogoan, eta zisterna-kamioi bat igo behar izan zuten".
Etorkizunera begira
Datozen hamarkadetan klima geroz eta lehorragoa izatea da aurreikuspena, eta neurriak hartu behar dituztela argi daukate bi elkarteetan. Gorlakoan, esate baterako, erabiltzen ez duten deposituan kontagailuak jartzea eta Gipuzkoako Urak partzuergoarekin kontratua egitea aurreikusten dute; baita bi deposituetara ura heltzen dela ziurtatzea ere. "Gure asmoa da neguan egoki jartzea, urak ziurtatzeko, eta guk ere jarraipena egitea, ikusteko biak erabiltzeko moduan daudela", nabarmendu du Aintzane Aranak.
Altzasun, berriz, edukiera neurtu eta "estandarizatu" egingo dute egoera, Badiolaren esanetan: "Atzetik etorriko diren zuzendaritza-taldeentzako informazio oso garrantzitsua bildu dugu, orain arte ez zaio-eta garrantzirik eman. Etorkizunera begira, izan litezkeen arazoen aurrean baliagarria izan daiteke".