IAT-Itasuako langileek agerraldia egin dute Gipuzkoako Batzar Nagusietan

Eneko Azurmendi Barrena

Argazkiak: ELA eta LAB.

Langileek erakundeei erantzukizunak eskatu dizkiete, lau hilabete baino gehiagoko greba dela-eta. Hain zuzen, Eusko Jaurlaritzaren esku-hartzea eskatu dute, eta ITV-Itasua enpresaren gaineko "kontrol publiko falta eta lan-eskubideen urraketa" salatu dituzte.

Bergarako eta Zarauzko IAT zerbitzuetako langileek agerraldia egin dute Gipuzkoako Batzar Nagusietan gaur, martitzena. Eusko Jaurlaritzari eskatu diote zerbitzu publikoaren kudeaketan erantzukizunak har ditzatela, "ITV-Itasua enpresaren jardunaren aurrean".

Grebalariek erakundeen erantzunik eza salatu dute, eta ohartarazi dute gatazkak langileen baldintzetan ez ezik, herritarrei eskaintzen zaien zerbitzuaren bermeetan eta segurtasunean ere izan dezakeela eragina.

Era berean, zalantzan jarri dute lankidetza publiko-pribatuaren eredua. "Eredu horrek enpresa pribatuari etekinak lortzeko aukera ematen dio, langileen lan-baldintzak prekarizatuz; lan-eskubideak urratzen dira eta zerbitzuaren behar bezalako prestazioari buruzko zalantzak sortzen dira".

Jaurlaritzari esku hartzeko eskaera

Egoera horren erantzukizun politikoa EAJri eta PSEri egotzi diete, eta "jarrera argia" hartzeko eta Eusko Jaurlaritzari "zuzenean esku hartzeko" exijitu diete.

Esku-hartze horrekin, honako helburu hauek lortu gura dituzte: "Langileen lan-baldintzak eta Gipuzkoako gainerako IAT zentroetako langileekiko dauden desberdintasunak konpontzeko bide eraginkorra sustatzea; greba-eskubidearen urraketari buruzko erantzukizunak argitzea eta eskubide hori bermatzeko neurriak hartzea; ordezko langilearen prestakuntzari eta aurkeztutako dokumentazioari buruzko ikerketa formala bultzatzea; IAT-Itasua zerbitzuaren kudeaketan araudia betetzen ari den egiaztatzea, eta beharrezko kontrol publikoa bermatzea; eta enpresaren eta langileen arteko gatazkari irtenbidea emateko benetako bitartekaritza eta negoziazioa sustatzea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak