Partidu "borobila" jokatu zutela adierazi zuen jardunaldiaren bukaeran, Sara Valentziaga Galparsoro Bergara taldeko kapitainak. Taldeak konfiantza berreskuratu zuela nabarmendu du, eta garaipena merezitakoa izan zela: "Merezi genuen horrelako partidu bat izatea, eta azkenean emaitza heldu da. Taldea oso pozik dago".
Lehen zatian erabakita utzi nahi izan zuten norgehiagoka, taldeak "freskotasun" handiagoa duen unea delako. Bi golen abantailarekin, bigarren zatian emaitzari eustea izan zuten helburu, eta lortu zuten, Sestao Riverrek ez baitzuen golik sartu. Gainera, beste aukera batzuk ere izan zituzten markagailua handitzeko.
Valentziagaren arabera, baloiarekin egindako lana izan zen gakoetako bat: "Baloiarekin asko jokatzen duen taldea gara, eta alde batetik bestera mugitzean asmatu dugu". Aurkariaren maila ere goraipatu zuen, sailkapenean duen postuak erakusten duen moduan, baina Bergarak ere bere maila eman zuela azpimarratu du.
Emaitzak, gainera, konfiantza berreskuratzeko balio izan die, azkenaldian lesioek eta bajek baldintzatutako bolada zail baten ostean. Plantilla murriztuta dute eta kadeteen laguntza ere behar izan zuten. Horregatik, kapitainak eskerrak eman dizkie taldeari laguntzen aritu diren jokalari gazteei.
Hurrengo jardunaldian Azkoitian jokatuko dute bergararrek, Anaitasunaren aurka.