Bergarak UNEDen egoitza duen Luzaro Psikomotrizitate Eskolak topaketa egin du gaur goizean Seminarixoan eskolaren 40. urteurrenaren barruan. Haur Hezkuntzari buruz hitz egin du, esaterako, Gorka Muñozek –irakaslea eta psikomotrizista– eta zirkulazio autonomoaren proiektuei buruz Alvaro Berañanek –pedagogoa, psikomotrizista eta ASEFOPeko formatzailea– hitzaldi banatan. Hezkuntzan lana egiten duten profesional askok jarraitu dituzte bi hitzaldiak; bete egin da aretoa.
Psikomotrizitateak haurren garapenean duen garrantzia azpimarratuz, horren bueltako topaketa izan da, hein handi batean Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntza lehen mailetan ikasten ari diren umeen adin tarteari lotuta. Berañanek, esaterako, zirkulazio autonomoaren planteamenduak hezkuntzara nola ekar daitezkeen azaldu du, erreferentzia batzuk emanez. "Haur txikiaren erreminta nagusiak gorputza, mugimendua, ekintzak eta jolasak dira. Horien bitartez helduko da pentsamendura eta sozializaziora, baina eskaini behar zaizkie espazioak non baliabide horiek martxan jarri ahal dituzten, baina ez zuzenduak, baizik bai ingurune zaindu baten barruan eta dakien heldu bat bidelagun dutela, umea erdigunean jarrita. Haur Hezkuntzan nagusitzen ari da eskoletan dagoen mugimendu handia, hazten doana, ez eskaintzen zuzendutako pedagogia, edo ezarritakoa, baizik nola sortu inguru bat non haurrek ikasten duten".
Gorka Muñozek, berriz, Haur Hezkuntzari buruz hitz egin du hiru galdera nagusi planteatuz hitzaldiaren hasieran: 'Nondik gatoz? Nortzuk gara? Nora goaz?'. "Saiatu naiz Haur Hezkuntza eta psikomotrizitatea lotzen; azaltzen ze garrantzitsua den Haur Hezkuntzan dauden umeendako psikomotrizitate saio on batzuk edukitzea, eta hori helarazi nahi izan diet hona etorri direnei. Bi kontzeptuek dute helburu berdina, haurraren garapen integrala, eta hori lortzen laguntzeko maisu-maistrei tresna gehiago ematea izan da nire nahia".
40 urte jendea psikomotrizitatean formatzen
Luzaro Psikomotrizitate Eskolak 40 urte bete ditu Euskal Herriko ikastetxeetako irakasleak psikomotrizitatean formatzen laguntzen; momentu honetan hamaika formatzaile daude taldean, gehienak emakumeak eta euskaldunak. "Formazioak, mintegiak edo hitzaldiak egiteko eskatzen dizkigute ikastetxeetan eta horretan aritzen gara, hemen eta baita kanpoan ere. Europa mailako ASEFOP izeneko elkarte batean gaude eta urtero elkartzen gara formatzaile guztiok geure metodologiak partekatzeko eta elkarrengandik ikasteko. Kalkuluak atera ditugu eta 40 urte hauetan 1.500 pertsona inguru pasa dira gure eskolatik", adierazi du Luzaroko presidente Ricardo Acebok.