Pamela Palenciano aktore eta komunikatzaileak No solo duelen los golpes bakarrizketa egingo du Bergaran azaroaren 17an. Emanaldia 20:00etan izango da, Seminarixoan, Azaroaren 25aren harira antolatutako egitarauaren barruan. Bakarrizketan, Palencianok berak bizi izandako indarkeria matxistaren esperientzia kontatzen du, eta, hortik abiatuta, maitasun erromantikoaren mitoei, indarkeriari eta pribilegioei buruzko gogoeta egiten du. 12 eta 18 urte bitartean indarkeria jasan zuen artistak.
No solo duelen los golpes izenburua psikologo batek esan zion esaldi batetik dator. "Psikologoak indarkeria matxistaren biktima nintzela esan zidanean, ez nuen sinetsi. Nik uste nuen gizon batek eskua altxatuz gero erantzun egingo niola. Orduan, esan zidan bizitzan kolpeek bakarrik ez dutela min egiten". Ordutik, azken 23 urteotan "ikusezina" dena ikusgarri egiten saiatu da, gizartean "normaltzat" hartu diren baina, haren esanetan, "oso larriak" diren jarrerak azaleratzeko.
Palencianoren ustez, "azken bi hamarkadetan gizarteak aurrerapauso handiak eman ditu indarkeria matxistaren inguruko kontzientzian", baina mende askotan eraikitako egitura bat ez dela hogei urtean desagertuko. Datorren martitzeneko emanaldian, ikusleek indarkeria matxistaren inguruko istorio pertsonal bat baino gehiago eramatea nahi du: "Benetako maitasunak ez du minik egiten". Horrez gain, norberak dituen pribilegioez eta horiekin zer egiten duen hausnartzea proposatuko du Seminarixoan.