Zertan zabiltza gaur egun?
Oso ondo. Duela bi urte sortu genuen Bizi Hadi proiektua. Helburua urritasun funtzional eta kognitiboak dituzten pertsonen osasuna hobetzea eta gizarteratzea da, kirolaren bitartez. Hala ere, proiektuaren hazia duela zortzi urte jarri zen, Antxintxika taldearen barruan.
Kirol-munduan ibilbide luzea duzu. Nola iritsi zara Bizi Hadi proiektura?
Txikitatik egin izan dut kirola, eta hainbat kirol elkartetako kide izan naiz. Kirolaria nintzenean, beste batzuek egiten zuten lana ikusi nuen, eta etxetik eta inguruko jendearengandik ikasitakoa urteekin aplikatzen joan gara, beste batzuek ere kirola egiteko aukera izan dezaten. Txirrindularitzan hasi nintzen, aurretik igeriketan ibili ondoren. Afizionatu mailan lehiatu ostean, triatloira egin nuen salto. Jose Mari Barrenak eta biok Antxintxika taldea sortu genuen, Antxintxika Krosa sortu genuen. Azken bi urteotan, berriz, Bizi Hadi proiektuan nabil.
Nola sortu zen Bizi Hadi?
Duela zortzi urte, Antxintxikan kirol egokituko saila sortu genuenean. Duela bi urtetik, ordea, autonomia hartu dugu, eta talde inklusibo independentea gara. Urritasun funtzionalak dituzten pertsonak eta ez dituztenak elkartzea zen helburua, edonork normaltasunez parte hartzeko aukera izan zezan. Lau sail ditugu: atletismoa, txirrindularitza, triatloia eta igeriketa. Azken finean, pertsona horien osasuna hobetzea eta gainerako herritarren baldintza berberetan gizartean parte hartzea da gure xedea.
Nolakoa da egunerokoa Bizi Hadin?
Taldea tetraplegia duen kide batekin hasi zen. Gaur egun, urritasun funtzional edo kognitiboa duten hamar bat lagun eta urritasunik gabeko beste hamar bat kirolari ditugu. Tetraplegia, paraplegia eta gaixotasun neurologikoak dituzten kideak ditugu, besteak beste. Urritasunik gabeko kirolariek laguntza eskaintzen dute entrenamenduetan eta lasterketetan, eta kide bakoitzak bere fisioterapeuta espezializatua dauka. Horrez gain, babesleak, komunikazioa eta materiala kudeatzen dituen lantaldea dugu, baita 150 bazkideren babesa ere.
Zer garrantzi du horrelako proiektu batek gizartean?
Alde positiboena da gero eta pertsona gehiago ari garela etxetik ateratzen eta kirol jardueretan parte hartzen. Kirolak osasunean duen eragina izugarria da; jarduera fisikorik gabe, atrofia eta infekzioak ager daitezke. Gure lehenengo kidearekin, esaterako, esku bizikleta bat lortu genuen, eta horri esker haren egoera mantentzea ahalbidetu genuen. Bestela, ordura arte egindako lan guztia galduko zuen.
Bizi Hadi proiektuan murgilduta... kirola egiten jarraitzen duzu?
Bai, noski. Osasunari eusteko ondo dago, baina horrelako proiektu batean egoteak ere kirola egitera bultzatzen zaitu, besteei lagundu ahal izateko. Gaur egun, gero eta pertsona gehiagok egiten dute kirola, ez lehiatzeko soilik, baita osasunari eusteko ere. Pertsona guztiengan du eragin handia kirolak, baina imajina ezazu zer-nolako garrantzia duen gure taldeko kideentzat.
Zein kirol egiten duzu?
Korrika egiten dut, bizikletan ibiltzen naiz eta igeri egiten dut. Mantentzeko, pisuari eta osasunari eusteko, eta gozatzeko.
Lehiatzea ez duzu faltan igartzen?
Egia esan, hasieran bai. Lehiatzeari utzi nionean faltan igarri nuen, eta kostatu egin zitzaidan. Gaur egun, kirolaz gozatu egiten dut. Egun batean ezin banaiz entrenatu, ez da ezer gertatzen; hurrengoan izango da.
Urte hauetan guztietan zer eman dizu kirolak?
Kirolak dituen balioak gaur egun gizartean aplikatzeko modukoak dira. Horrelako proiektu batek enpatia, sakrifizioa, aurrera begiratzeko gaitasuna eta talde-lana erakusten dizkizu. Orain arte esku artean izan dudan proiektuetatik, gehien betetzen nauena da. Are gehiago, ematen dieguna baino gehiago jasotzen dugu haiengandik. Horregatik, nahi duen oro proiektuaren parte izatera gonbidatzen dut.