Lehenengo hitzordua bihar, azaroak 14, izango da, Bergarako Orkestra Sinfonikoaren eskutik. 19:00etan hasita, Udazkeneko Kontzertua emango dute Mariaren Lagundiko elizan. Sarrera doakoa izango da.
Enrike Txurruka zuzendariak azaldu duenez, ohituraz Santa Zezilia ospatzeko egiten duten kontzertua da, baina aurten data aurreratzea erabaki dute, Bergarako Musika Bandaren datorren asteko emanaldiarekin bat ez egiteko. "Ohituraz, Santa Zezilia Eguna ospatzeko egin izan dugu kontzertu hau, baina, egunetik pixka bat urrun geratzen zaigunez, Udazkeneko Kontzertua deitu diogu".
Orkestrak 65 kide inguru ditu gaur egun, gehienak herritarrak, eta larunbatean 60 musikari inguru igoko dira oholtzara. Irailetik hona prestatutako lana erakutsiko dute. Txurrukaren hitzetan, urtean ematen dituzten lau kontzertu finkoetako bat da, eta bereziki gogotsu prestatzen dutenetako bat. "Errepertorio aldetik erronka hartzen dugu pixka bat; herriko orkestra amateur bat gara, eta zailtasun berezia duten obrak aukeratzen ditugu".
Askotariko errepertorioa
Aurten ere askotariko egitaraua prestatu dute, XVII. mendeko barrokoaren musikatik gaur egungo konposizioetara. Besteak beste, Henry Purcellen, Piotr Ilitx Txaikovskiren eta Pietro Mascagniren obrak joko dituzte, baita Jesus Guridiren 10 melodías vascas bildumako hiru doinu ere. Horrez gain, The water is wide doinu britainiar herrikoia eta Soon hee newbolden gravitas pieza ere joko dituzte.
Kontzertuak musikaz harago doan izaera duela nabarmendu du zuzendariak. Urtero Mariaren Lagundiko eliza bete egiten dela azaldu du, eta entzuleekin "gertuko giroa" sortzen dela. Orkestraren jarduna eta lantzen dituzten balioak ezagutarazteko aukera ere baliatzen dute. "Gure aurrekoek hainbat balio lantzen erakutsi digute, eta orain gaudenok ere hori egiten saiatu nahi dugu hurrengoekin: lanerako grina, konpromisoa, talde eta komunitate-izaera, elkarlana, errespetua, aniztasuna, euskara eta euskal kultura".
Musika Eskolaren kalejira
Bigarren hitzordua azaroaren 19an izango da, Bergarako Musika Eskolakoen eskutik. 17:00etan, trikitilarien kalejira abiatuko da, San Joxepe jubilatuen elkartetik, eta 17:30ean, berriz, Gazte Bandak eta musika eskolako ikasleek kalejira egingo dute, Iralatik irtenda. Ondoren, guztiak elkartuko dira, azokan, eta bertan egingo dute txokolate-jana. Aritz Alustiza Musika Eskolako zuzendariak azaldu duenez, "aurten, plazako obrak direla eta, azokan egingo dituzte bukaerako ekitaldia eta txokolate-jana, Elikaenearekin elkarlanean. Eguraldi ona egiten badu, azoka kanpoaldean izango da; bestela, barruan".
Ospakizunean 150 lagunetik gora elkartuko direla nabarmendu du Alustizak: "Santa Zezilia Eguna egun berezia izaten da urtero guretzat. Gure eguneroko jarduna eten egiten dugu eta egun polit hau ospatzen dugu". Trikitilariek, gainera, urtero San Joxepe jubilatuen elkartean hasten dute kalejira, elkartearekin duten harreman "ona" erakusteko; ondoren, eskolako kalejirarekin batuko dira. Hala, kalejirarekin eta txokolate-janarekin borobilduko dute aurtengo Santa Zezilia ospakizuna.