Iker Sanchez eta Itxaso Askasibar, Eulen Amenabar taldera

Xabier Urtzelai

Eulen-Amenabar taldeko neskak, iazko aurkezpen ekitaldian.

Orain arte Lokatzako Igamo Packaging taldean ibili diren Iker Sanchez eta Itxaso Askasibar Eulen Amenabarrera joango dira. Sanchez zuzendari lanetan ibili da, eta Zarauzko taldean bigarren zuzendaria izango da. Askasibar Bergarako harrobian hazi da, eta kostaldeko taldean jarraituko du bere ibilbideaz.

Eraberritze prozesu betean murgilduta dago Jirabira klub zarauztarraren Eulen-Amenabar taldea. Dagoeneko egituratu dute 2027an errepidean izango duten emakumezkoen taldea, eta zuzendaritzan ere aldaketak egingo dituzte. Hala, orain arte Igamo Packaging taldean zuzendari lanetan ibili den Iker Sanchezek talde zarauztarrera egingo du salto. Klub zarauztarretik adierazi dutenez Ana Usabiaga Balerdik (Ordizia, 1990) hartuko du Eulen-Amenabar taldearen gidaritza. "Ordiziarra erreferentea da euskal emakumezkoen txirrindularitzan". Eta, harekin batera bigarren zuzendari lanetan ibiliko da Iker Sanchez (Bergara, 1983). "Ikerrek esperientzia handia du emakumezkoen harrobi txirrindularitzan lanean. Lokatza Ziklismo Eskolako Igamo-Packaging taldea bultzatzen izan da azken urteetan, lan handia eginez Debagoienako neska gazteei txirrindularitza trebatzen laguntzeko. Horren aurretik Euskadiko Selekzioko hautatzaile izan zen beste kargu batzuen artean, baita txirrindularia ere izan da Iker", adierazi dute taldetik.

Itxaso Askasibar ere Eulen-Amenabarrera

Iker Sanchez ez da, baina, Debagoieneko taldetik Eulen-Amenabarrera joan den ordezkari bakarra, Itxaso Askasibar txirrindularia ere bertara doalako. Askasibar ere Bergarako Lokatza Ziklismo Eskola egiturako Igamo Packaging taldean hezi da. Bertan egin ditu junior mailako denboraldiak (2024-2025) eta baita 23 urtez azpiko kategoriako lehen urtea ere (2026). 2027a, berriz. Eulen-Amenabarren egingo du, Usabiagaren eta Sanchezen esanetara.  

Iker Sanchez, ezkerrean, eta Itsaso Askasibar, ezkerretik laugarrena, iazko Igamo Packagingeko talde aurkezpenean, taldekideekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak