Pedalkadak, zuzeneko musikaren erritmora, helburu solidario batekin

Idoia Aranbarri Arzuaga

Iazko spinning-rock saioaren une bat. GOIENA

Egubakoitz arratsaldean, Movember Gararen spinning-rock saioa egingo dute.

Azaroarekin batera iritsi da, beste urte batez, MovemberGara ekimena; bihar, egubakoitza, egingo dute hirugarren eta hutsik egiten ez duen ekintza: spinning-rock saioa. 18:00etan izango da, Agorrosin kiroldegian, doan. Movember Garako antolakuntza-taldeko Unai Azkaratek adierazi du 24 lagunendako muga dagoela, eta dagoeneko hamahiruk eman dutela izena. Azkaiter Peloxen musikaren erritmora emango dituzte pedalkadak, eta ez da faltako Movember Gara abestia ere.

Aurten, gainera, abestia berrikuntza batekin dator; izan ere, adimen artifiziala erabilita, remix bertsioa egin dute. Hala ere, Azkaiter Peloxek "bertsio originala" joko du: "Gogotsu gaude jendea bizikletan izerditan ikusteko".

Azkaratek nabarmendu du Movember ez dela prostatako minbiziaren sentsibilizaziorako kanpaina bakarrik: "Bizimodu osasuntsua, kirola egitea... sedentarismotik ateratzeko indarra jartzen dugu, eta gizonezkook, gure osasuna zaintzeko, gure artean terapia egiten dugu".

Hurrengo ekitaldiak

Urriaren 31n hasi ziren ekintzak; hain zuzen ere, Antxintxika krosean hartu zuten parte hainbat kidek, eta egun hartan postua jarri zuten. Azaroaren 4an, berriz, hitzaldia egin zuen Bittor Rodriguez nutrizionistak: "Minbizia izateko probabilitatea jaisteko frutak eta bazkariak jateak duen garrantziaz hitz egin zuen. Umorezko saioa izan zen, eta bete egin zen Irizar jauregiko aretoa.

Domekan, Katxalinekoekin batera Donostiara joango dira; hilaren 20an, bingoan jokatuko dute San Joxepen; eta 28an Abrain Errekara joango dira; hilaren 29an, bibote mozketa eta enkantea izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak