Euskal Herriko Bikote Gazteen Dantza Solte Txapelketa, domekan

Aitziber Aranburuzabala Juldain

Iazko Dantza-Solte txapelketako une bat.

Bergarako Musika eta Dantza Eskolak, Bergarako Udalaren laguntzarekin, antolatu duen 48. Bikote Gazteen Dantza Solte Txapelketa jokatuko dute domekan, 12:00etan hasita, Seminarixoa aretoan. Ez da Bergarako bikoterik izango lehian, baina gipuzkoarrak dira parte hartuko duten 16 urtez azpiko zazpi bikoteak: Azpeitiko, Villabonako, Segurako, Errezilgo eta Lezoko dantzariek osatutakoak. 

Bergarako Txistularien bandaren eta Estanga anai-arreba trikitilarien doinuekin dantzatuko dute lehiakideek. Euskal Dantzari Biltzarrak izendatutako epaimahaikideek behatuko dituzte dantzatuko dituzten sei pausoko fandangoa eta sei pausoko arin-arina –Esti Urrutia, Ane Anza, Karlos De las Heras eta Katerin Artola–. 

Lau sari banatuko dituzte guztira: Udalak emandako garaikurra, txapela eta 220 euro bikote irabazleari; bigarren saridunari garaikurra eta 200 euro; garaikurra eta 180 euro hirugarren bikote irabazleari; eta jantzi egokiena ere sarituko dute, garaikurrarekin eta 120 eurorekin; sariez gainera, bikote guztiek 100 euroko dieta jasoko dute. 

Eskolakoen koreografia

Txapelketaren bukaeran, Bergarako Musika eta Dantza Eskolako 9 eta 12 urte arteko dantzariak igoko dira taularen gainera, eta Eñaut Elorrietaren Zapalduen olerkia kantu ezagunarekin sortutako koreografia egingo dute, herriko dantza-harrobiaren erakusle izango dena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak