Maila altuagoa erakutsi dute galiziarrek hasieratik, 3-0 aurreratu baitira lehen minutuetan. Horren ostean, hobeto kokatu dira kantxan debagoiendarrak, eta erasoko jokaldi batzuk egiteko gai izan dira. Atsedenaldiaren ostean lehen zatiko gidoia errepikatu da, eta aitaren batean jaso dituzte lau gol. Burdinolak ohorezko gola sartu gura zuen, baina ahaleginak egin arren, ezin izan da gaurkoan. Azken minutuetan beste bi gol jasota, bederatzi goleko desabantailarekin bukatu da partidua.
Eki Muxika entrenatzaileak, emaitzatik harago, taldearen jarrera onean jarri du fokua: "Kategoria berria da jokalarientzat, lana dago aurretik, baina ikusi da gogotsu daudela, eta hori da garrantzitsuena". Datozen asteetan Madrilera eta Bartzelonara bidaiatuko dute, "kategoria mantentzeko aurrerapausoak" emateko intentzioarekin.
Partidu horrekin batera, Espainia mailako beste bost jokatu dira gaur, goizetik arratsaldera. Andaluzia, Madril eta Valladolidetik etorri dira hockeyaz gozatzera, eta lehiatzera.