Aroztegi aretoan erakusketa jartzeko eskaera-epea martxan

Gontzal Belategi Zubia

Hainbat pertsona Aroztegi aretoan, Pello Alberdiren lanez osatutako erakusketa ikusten.

Bergarako Udalak 2027an Aroztegi aretoan erakusketa jartzeko eskaerak aurkezteko epea zabaldu du, eta azaroaren 25ean amaituko da. Artistei beraien lanak erakusteko aukera eman nahi zaie.

2027an Aroztegi aretoan erakusketa bat jarri nahi duten artistek eskaerak aurkezteko epea zabaldu du Udalak. Eskaerak aurkezteko epea azaroaren 25ean amaituko da, 13:00etan. Udala ordezkariek azaldu dutenez, artistei lanak erakusteko aukera emanda, komunitatearen sormena eta adierazpen artistikoa sustatu nahi dira.

Lanak erakutsi nahi dituzten artistek Udalak prestatutako eredua (F0124 inprimakia) aurkeztu beharko dute, behar bezala beteta eta sinatuta. Horrez gain, eskaera egin nahi dutenek beraien ibilbide artistikoa azaltzen duen dosier bat, erakutsi nahi diren lanen argazkiak eta lan horien behin-behineko zerrenda bat (neurri eta pisuekin) bidali beharko dituzte. Eskaerak Bergarako Udal Erregistro Elektronikoan aurkeztu beharko dira, edo legeak baimendutako  gainerako bideetatik. Informazioa eta inprimaki eredua bergara.eus atarian daude eskuragarri.

Udal ordezkariek nabarmendu dute eskaera egiteak ez duela zuzenean erakusketa urteko programazioan sartuko, eta batzorde misto batek egingo duela hautaketa, nahiz eta, azken hitza, alkatearena izango den. Abenduaren 12tik aurrera ikusi ahalko da onartutako eskaeren zerrenda.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak