Ekainean zen Txuma Murugarren musikari oreretarra Bergarara etortzekoa, Usondoko Kontzertuak zikloaren baitan. Zoriak ez zuen ahalbideratu; izan ere, eguraldi txarraren eraginez bertan behera gelditu zen emanaldia. Hala ere, gaur izango du emanaldi hartan kantatu gabe utzitakoak bergararren aurrean aurkezteko aukera, 22:00etan, Seminarixoan. Sarrerek zortzi euro balio dute eta seminarixoa.eus atarian erosi daitezke.
Kontzerturako gogoz
Penaz bizi izan zuen Murugarrenek Usondon gertatutakoa: "Pena handia izan zen kontzertua bertan behera gelditzea. Gu han ginen eta guztia muntatua genuen ordurako, eta, kolpetik, euria hasi zen. Gure partetik ez zen arazorik kontzertua aurrera eramateko, baina sonorizazio ekipoa bustitzea arazo handia zen". Horren ondorioz, gogotsu dator Bergarara, zorretan utzitako hura itzultzera: "Orain, bagatoz berriro ere, eta gogotsu nago Bergaran izateko, jakina".
Diskotik oholtzara
Hemen beharko luke diskoarekin helduko da oreretarra Bergarako emanaldira. Ohiko estilotik aldendu, eta elementu elektronikoak barnebiltzen ditu diskoak. 2004ko Nire anaiaren kotxeko argiak diskoan kuxkuxeatu zuen lehenengoz estilo horrekin, eta, kritika onak jaso arren, "jendeak ez zuen erabat ulertu" proposamena. Orain ikusi du momentua disko horrekin "arantzatxoa" kentzeko.
Ukitu elektronikodun kanta horiek oholtza gainera eramateko, Rafa Acevesen laguntza du pianoan eta Natxo Beltranena baterian; biak ere aurreko ekoizpenetan ohikoak zituen artistak. Ukitu elektronikoak eta hiruko formatuak emanaldietan moldaketak egitera behartu dute musikaria: "Diskoan agertzen diren abesti horiek taularatuko ditugu. Horrez gain, beste zenbait abesti ere joko ditugu, sonoritate berri honetara ahalik eta zintzoen moldatuta". Diskoetatik zuzenekorako salto hori positibotzat du: "Abestien berrikusketa bat egin behar da, eta hori, nire ustez, beti da diskoan entzuten dena fideltasun osoz ekartzea baino interesgarriagoa".