Bigarrenez Soraluze-Bergaran txapeldun… zorionak! Nola joan zen?
Eskerrik asko. Hasieran nituen helburuak eta lasterketak aurrera egin ahala jarri nintzenak ez ziren berdinak. Hasiera batean, taldekako sailkapena nuen begiz jota, lagun taldearekin irabazteko. Ez nuen neure burua lasterketaren aurrealdean ikusten. Lehen kilometroetan sentsazio eskasak izan nituen, baina, berotzen joan ahala, gero eta hobeto sentitu nintzen.
Beraz, ez zenuen garaipena buruan?
Aurreko edizioa irabazi ondoren, jendeak esaten zidan: "Aurten ere irabaziko duzu". Baina, egia esan, ez nuen neure burua hor ikusten, batez ere bi aste lehenagora arte korrika egin ezinik egon nintzelako. Hilabete inguru egon naiz lesionatuta, eta bi aste baino ez neramatzan berriro korrika entrenatzen. Denboraldiaurrean nagoenez, ez sasoi betean, sorpresa hartu nuen neure buruarekin.
Zein lesio izan zenuen?
Irailaren erdialdean lesionatu nintzen. Espainiako Txapelketan parte hartu nuen, Logroñoko Tritones taldearekin, eta Lehen Mailara igotzea lortu genuen. Hurrengo astean, ordea, ezin nuen korrikarik egin. Irailaren erdialdetik urriaren erdialdera arte egon naiz antxintxika egin gabe. Hankan peroneoko tendoietan tendinitisa izan nuen.
Aurten, amaiera oso estua izan duzu Iñigo Alzolarekin...
Alzolari eskerrak eman nahi dizkiot, helmugan izan zuen detaile txiki horrek asko esaten duelako hari buruz eta nolako pertsona den erakusten duelako.
Lasterketan zehar eta azken metroetan nabaritu egin zenuen herritarren eta ingurukoen babesa?
Bai. Herriko txoko guztietan jende asko ikustea, norbera animatzen, oso polita da. Bukaera aldera, kuadrillako lagunak eta ezagun asko zeuden. Horrek tripan nerbio-puntu bat sartzen dizu, baina, aldi berean, azken esprinta egiteko indarra ematen dizu. Egia esan, herrian irabazteak badauka bere xarma.
Nola ospatu zenuen?
Eskerrak emateko eguna izan zen: animatu eta zoriondu nindutenei eskerrak emateko eguna. Antxintxika taldekoekin afaria egin genuen denok batera, eta ondoren, ospatu.
Denboraldiaurrean zaudela aipatu duzu. Udan atseden hartu duzu?
Ni triatleta naizenez, irailaren amaieran bukatzen dugu denboraldia. Orain, batzuetan, lasterketak egiteko aprobetxatzen dut, irailean nuen sasoi onari etekina ateratzeko.
Lesioarekin, nola prestatu zara?
Lesionatuta nengoenean, astean bost saio egiten nituen igerian eta hiru saio bizikletan. Entrenamendu horiei eutsi diet lesioak iraun duen bitartean. Ondoren, azken bi aste hauetan, korrikako lau saio ere gehitu ditut.
Hurrengo helburuak? Behobia-Donostiako irteeran ikusiko zaitugu?
Ez, Behobia-Donostia ez dut egingo. Urtarriletik aurrera Espainiako taldekako duatloi txapelketetan parte hartuko dut eta hori daukat begiz jota. Bitartean, agian, beste lasterketaren bat.
Ainara Uribarri, bigarrenez txapeldun
Emakumezkoetan hasieratik bukaerara izan zen nagusi Uribarri (37.26). Zera adierazi zuen: "Egia esan, bakarrik joan naiz, ez mutil ez neska. Lasterketa azkar hasi nuen, eta ahal izan nuen moduan amaitu. Jendearekin joatea errazagoa izaten da".