(HI)! ikerlari-foroa Bergaran, bailarako gazte ikerlarien lana ezagutarazteko

Ibai Irasuegi Garai

Ezkerretik goitik hasita, Asier Mongelos, Ane Blazquez, Maitane Mujika, Maider San Torcuato, Jokin Labaien, Usue Olatz Aspiazu eta Uxue Lazkano.

Azaroaren 10ean, 12an eta 13an izango da, Bergaran, UNEDen egoitzan; ZTB Jardunaldien bueltan egingo dituzte ekimenak, eta ahozko aurkezpenak, poster zientifikoen erakusketa eta ikerlari esperientziadunen hitzaldiak egongo dira.

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Jardunaldien hamaikagarren aldiaren bueltan, hiru eguneko foro zientifikoa egingo dute datorren astean Bergaran, UNEDen. Aurtengo jardunaldien berrikuntza nagusietako bat izango da, eta foroaren helburua da herritarrek gaur egun egiten duten ikerketa gertutik ezagutzea. Poster zientifikoaren erakusketa, gazteen ahozko aurkezpenak eta esperientzia handiko ikerlarien hitzaldiak egingo dituzte azaroaren 10ean, 12an eta 13an. Jarduera guztiak doakoak izango dira, baina izena ematea beharrezkoa da ibilbide luzeko ikerlarien hitzaldietarako eta gazteen aurkezpenetarako.

Ikerketa izango da ardatza

Aurtengo ZTB Jardunaldien ardatza ikerketa da, eta arlo horretan bailarako gazteei topagune bat eskaintzeko antolatu dute foroa. Hiru ekimen nagusi egingo dituzte guztira, eta horietako bat da hiru egunetan UNEDeko eraikinean ikusgai egongo den poster zientifikoen erakusketa. Askotariko gaiak landuta, bailarako hamahiru ikerlari gaztek beren proiektuak euskarazko eta ingelesezko poster bidez aurkeztuko dituzte. Ekimenaren bidez lortu gura dute, ikerlarien lanari aitortza egiteaz gain, ikerketa etorkizuneko aukera profesional gisa aurkeztea. Hala, bisitariek ikerketa-lan horien nondik norakoak ezagutu ahalko dituzte. Hain zuzen, Oihane Altube, Usue Olatz Aspiazu, Ane Blazquez, Itxaso Calbano, Jon Irureta, Jokin Labaien, Janire Lamariano, Uxue Lazkano, Asier Mongelos, Maitane Mujika, Maider San Torcuato, Irati Sanz eta Ibai Sanz ikerlari debagoiendarren lanak egongo dira ikusgai erakusketan. 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara egongo da zabalik.

Gazteen ahozko aurkezpenak

Bailarako gazte ikerlariek beren ikerketak ahoz aurkeztuko dituzte martitzenean eta egunenean. Erakusketan ere parte hartuko duten zazpi debagoiendarrek aurkeztuko dituzte lanak, eta askotariko gaiak izango dituzte berbagai: martitzenean, Uxue Lazkano biokimikariak minbiziaren metastasia aztertuko du; Jokin Labaien adimen artifizial sortzaileak lan egiteko modua nola aldatu den azalduko du; Maitane Mujikak sistema immunologikoaren gaiaren inguruan hitz egingo du; eta Asier Mongelosek teknologia kuantikoen erabilgarritasuna aztertuko du. Eguenean, berriz, Usue Olatz Aspiazu materialen ingeniaritzan diharduen ikerlariak material berriek energia kontsumoari aurre egiteko egin dezaketen lana azalduko du; Maider San Torcuato Biogipuzkoako koordinatzaile zientifikoak Makrobioen aurkako erresistentziaren inguruko ikerketa aurkeztuko du; eta, azkenik, Ane Blazquezek konputazio kuantikoak ekar ditzakeen onurak eta erronkak azalduko ditu.

Saio horietan parte hartzeko, izena eman beharko da. Horretarako, Laboratorium Museoan bertan dago aukera, baita 943 76 90 03 telefonora deituta edo laboratorium@bergara.eus helbidera idatzita ere.

Esperientziaren ahotsa

Ibilbide luzeko hiru ikerlarik, halaber hitzaldiak egingo dituzte, gazteen aurkezpenak osatzeko. Hala, martitzenean, Amaia Agirrek polimeroei buruzkoa egingo du; eguenean, Iker Badiolak minbiziaren immunologia eta immunoterapia izango ditu berbagai; egubakoitzean, azkenik, Gorka Mendiarazek Erreka enpresak industria sektore tradizionaletik sektore zientifikora egindako jauzia azalduko du eta Mikel Atxega, aldiz, 3D eskaneatze eta modelatzeaz ariko da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak