Etzi hasiko da osintxuarrentzat ezinbesteko bilakatu den Azaroa Gaztainatan ekimenaren egitaraua. Jon Plazaolak izango du aurtengo egitaraua estreinatzeko ardura, AA Aita bakarrizketa luzearekin. Zapatuan, hilak 7, izango da hori, 22:00etan, Txuringo Kultur Elkartean. Ondoren, hilabete osoko egitarauaz gozatzeko aukera izango dute auzotarrek.
Bizia, azaro erdian
Hilabete tristea da askorentzat azaroa; goiz iluntzen du, eta tenperatura hotzak nagusitzen hasten dira. Egoera horretaz jakitun, Azaroa Gaztainatan ekimenaren helburua hilabeteari bizitza eta alaitasun pixka bat ematea dela azaldu du antolakuntza lanetan ibili den Leire Arbelaitzek: "Azaroa hilabete triste eta iluna da, eta hilabete horretan auzoari bizitasun pixka bat eman nahi diogu".
Hala ere, ekimena ez zen ezerezetik sortu, osintxuarren ohitura bat du-eta oinarrian: "Azaroko hirugarren astelehena Animen Eguna bezala ezagutu izan da betidanik, eta egun horretan kuadrillen arteko bazkaria egiten zen, baina, denborarekin, ohitura hori galdu egin da". Egoera ikusita, hainbat auzotarrek eguna berreskuratzea erabaki zuten: "Ohitura galtzen zihoala ikusita, zerbait egitea pentsatu genuen, eta gaztainak eta sagardoa banatzen hasi ginen, egun bakarrean".
Azkenean, eguneko jarduna hilabete osoko egitarau bilakatu zen, kasik, inertziaz: "Urteen poderioz, taldetxo bat sortu zen, eta egun horren inguruan zerbait antolatzea erabaki eta hilabete osoko egitaraua osatzea erabaki genuen". Hala ere, Arbelaitzek dioenez, bada ekimenaz gain jatorrizko ohitura mantentzen duenik: "Oraindik bada afari hori mantentzen duenik, baina, osotara, hamasei-edo dira".
Kultura, auzoa elkartzeko
Kultura du oinarri ekimenak, eta hori sustatzea garrantzitsua dela uste du Arbelaitzek: "Esango nuke garrantzitsua dela kultur ekimenak sustatzea". Ekintza kultural horiek auzo-giroa sortzeko balio dute: "Kanpotik ez da jende askorik etortzen, baina auzoan horrelako giroa sortzea garrantzitsua da. Azkenean, guztiok bizi gara auzo txiki honetan, eta zerbait dagoenean denok ematen dugu zerbait". Hori ekintzak aurrera eramateko orduan ere nabaritzen da: "Antolakuntza-lanetan zortzi pertsona inguru ibiltzen gara, baina, ekintzetan laguntza behar badugu, ez dugu arazorik izaten".