Xabi Labaka eta Ainara Uribarri garaile, bigarrenez jarraian, Antxintxika lasterketan

Julen Murua Mesonero

Xabi Labaka eta Ainara Uribarri, helmugaratzen.

Iñigo Alzolarekin batera iritsi da helmugara Xabi Labaka, baina bergararra izan da azkarrena, bigarren urtez jarraian, herriko lasterketan. Ainara Uribarrik ere podiumeko postu gorena errepikatu du bigarrenez jarraian.

Edizio berezia izan da aurtengoa Antxintxika lasterketa antolatzen dutenentzat; izan ere, XX. aldia ospatu dute. Edizio bereziari erantzun ezin hobea eman diete parte hartzaileek: 415 izan dira guztira. Eguraldia lagun izan dute korrikalariek eta Soraluzeko hasiera puntuan lasterketari ekiteko gogotsu izan dira korrikalariak zein patinen gainean joan direnak.

36 izan dira lasterketa patinetan egin dutenak, eta horietan azkarrenak Aitor Vacas (16:06) eta Andrea Acosta (19:36). Gizonezkoen lasterketako podiuma osatu dute Julen Urkizarrek (17:10) eta Iker Diazek (17:15); emakumezkoenean, berriz, bigarren sailkatu den Ines Valero (19:36) Acostarekin batera helmugaratu da eta hirugarren sailkatua Oihana Unamuno izan da.

Korrikako gizonezkoen lasterketan egon da saltsa handiena. Sei korrikalari inguruko taldetxo batek jarri du erritmoa lasterketa hasiera-hasieratik, eta poliki-poliki atzean gelditzen hasi dira horietako batzuk eta azkenengo kilometroetan lehenengo postua hiru korrikalariren artean borrokatu dute: Xabi Labaka (32:24), Iñigo Alzola (32:24) eta Endika Donnay (32:41). Azken hau izan da atzen gelditzen hurrengoa, eta azkenengo metroetara batera iritsi dira Labaka eta Alzola. Hala, bergararra gailendu zaio arrasatearrari eta etxean irabaztea lortu du bigarren urtez jarraian. Lasterketaren bukaeran adierazi du "oso pozik" dagoela egindako lasterketarekin, "espero baino hobeto" bukatu delako eta "herrian oso giro ona" egon delako.

Emakumezkoetan, berriz, hasieratik bukaerara izan da nagusi Ainara Uribarri (37:26). Hark lasterketaren ostean adierazi duenez, "ez emakumezko ez gizonezko", ez du inor izan inguruan lasterketa osoan. Inguruan erritmo antzekoan doazen korrikalariak izanda "errazago" joaten dela aitortu du Uribarrik, baina, hala ere, ez du askorik sufritu bigarren urtez jarraian txapela janzteko. Garazi Korta (38:47) izan da helmugara iristen bigarrena eta Nora Narbaizak (39:29) osatu du podiuma.

Urteurren borobila

Lasterketa, orokorrean, "oso ondo" joan dela onartu du antolakuntzako kide Eneritz Urrutiak, eta Bergara jendez beteta ikustea "pozgarria" dela adierazi du. 20 urtean egindako lanari balio handia eman dio Urrutiak: "Boluntarioen lana eta babesleen ekarpena oso garrantzitsuak dira. Oso lantalde polita dugu, eta ea beste hogei urte betetzen ditugun".

Erlazionatuak

Antxintxika kroseko helmugako argazkiak

Julen Murua Mesonero urr 31, 20:56 Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak