Garai batean, Madrilgo frontoiak betetzen zituzten emakume erraketistek, baina emakume pilotari profesionalak eskupilotan jokatu barik zeuden Madrilgo Beti Jai pilotalekuan 1894an inauguratu zirenetik, eta esperientzia ahaztezina bizi izan du Barrocalek. Lehen aldiz jokatu dute asteburuan emakume profesionalek pilotan eta horietako bat izan da Maddi Barrocal bergararra, Larramendi, Iturriaga eta Mendibururekin batera.
Frontoi bertara sartzea "hunkigarria" izan zen, baina aldi berean, "polita eta errepikagarria". Amets batean zegoela sentitzen zuen bergararrak: "Sekulakoa da lehen aldiz emakume pilotari profesionalek eskupilotan jokatzea Beti Jain. Historia egin dugu. Frontoi horretan jokatzea berezia da. Tentsioa daukazu barruan, baina azkenean, lau pilotariok asko gozatu genuen".
Emaitza aldekoa izan ez arren, partida "polita" atera zela irizten dio, eta publikoak ere kanpotik "asko gozatu" zuela. "Oso gustura" dago Barrocal. "Ikusleek esatea gozada bat dela gu jokatzen ikustea, oso puntu positiboa da guretzat ere. Emakume pilotariak ere aurrerapausoak ematen ari gara", azaldu dio GOIENAri.
Dioenez, sarrera guztiak salgai jarri eta hiru minututan agortu ziren: "Hori guretzat harrigarria da, errekorra izan zen. Ikustea Madrilen eskupilota sendo dagoela, sekulakoa da. Giro oso ederra egon zen. Ondo hartu gintuzten, eta tanto guztietan txalotzen gintuzten. Ahaztuko ez dugun esperientzia izango da Ados familia guztiarentzat". Aurreratu du, itzuliko direla eta "aurreratxoago" agertuko direla Madrilen.


