Txapa irratiak 43. denboraldiko parrilla aurkeztu du kartzela zaharrean

Goiatz Arana Begiristain

Martxan da ikasturte berriko parrilla Txapa irratian, eta jendaurrean aurkezteko baliatu dute gaurko eguna. Kartzela zaharrean egin dute nondik norakoen berri emateko agerraldia, eta herri bertako Ad-blue taldearen kontzertuarekin borobildu dute hitzordua. Jendea batu dela eta giro polita sortu dela adierazi du irratiko kide Lander Juaristik.

Txapa irrati librearen 43. denboraldia da martxan dagoena. Bederatzi irratsaio propio eta Kartzelako hotsak deitzen den saioa –kartzela zaharrean egiten diren aurkezpenak, solasaldiak... entzuteko aukera ematen du– eskaintzen ditu. Horien artean beteranoak dira batzuk, Haus of beats edota Kolax, esaterako, baina bada berririk ere tartean: Kurkubeat, Ainhoa Narbaizaren eta Jone Albenizen eskutik musika protagonista izango duen saioa. Izan ere, irratiko ateak zabalik daude, eta programazioa bizirik dago. Hala azaldu du Juaristik.

Saioen maiztasuna ere askotarikoa da: batzuk asterokoak dira, beste batzuk hamabostean behinekoak... eta horietatik ez ezik Euskal Herriko beste irrati batzuetatik ere edanda –batzuk, libreak– 24 orduz dago hizketa hotsa ez bada musika 97.20an. "Arrosa Irrati Sarea da gure iturburu nagusia, bertako kidea gara", erantsi dute irratiko kideek. 

Irratia egiten dihardutenei eta bidelagun duten kolektiboari zuzendutako esker hitzak esan eta musikaz gozatu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak