'Tankitanka' eta 'Eskilarazuak' taldeak izan dira azkarrenak II. Orientazio Proban

Goiatz Arana Begiristain

Arrakastatsua izan da aurten bigarrenez egindako proba. 395 lagunek parte hartu dute –aurrekoan baino 25 gehiagok–, eta batez ere nerabeen presentzia izan da handitu dena. Eguraldia ere lagun izan dute eta giro paregabean aritu dira.

Aranzadi Ikastolak eta Pol-Pol Mendi Taldeak antolatu dute, bigarrenez, Orientazio Proba, eta ia 400 lagun ibili dira ibilbidean barrena, kirol arropa soinean eta mapa eskuetan; EHUko Geografia eta Lurralde Antolakuntzako ikasle eta irakasleek probarako propio sortutako mapak erabili dituzte.

Senar-emazte, neba-arreba, lagun kuadrilla... haur, gazte eta helduak ibili dira nor baino nor, herriko kale eta bazterretan barrena. Horietako asko korrika zenbait momentutan, eta musu gorrituta ere bai hainbat behin helmuga gurutzatu eta gero ere. Guztiak, hori bai, gustura, goizpasa ederra eginda.

Haurretan sailkapenik ez aurten

10-15 urte bitarteko kategorian 23 taldek parte hartu dute. Tankitanka izan da azkarrena, Bergara bigarrena, eta Ez dakit hirugarrena. 55, 56 eta 57 minutuan osatu dute ibilbidea, hurrenez hurren, eta 140na puntu eskuratu dituzte.

Helduetan, 18 izan dira talde parte-hartzaileak. Eskilarazuak sailkatu da lehen postuan, San lokal 2 bigarrenean, eta Badiunzu hirugarrenean. Ordubete eta 24 minutuko denbora egin du lehen taldeak, eta 210 puntu eskuratu ditu; beste hainbeste puntu batu ditu bigarrenak, baina 5 minutu gehiagoko denboran; eta 40 puntu gutxiago eskuratu ditu eta 19 minutu gehiago behar izan hirugarren sailkatuak.

Haurretan, berriz, sailkapenik ez da izan aurten. Horren ordez, balizetan topatutako piezekin mural kolektiboa osatu dute, Bergara euskaratik eta kiroltasunetik eraikitzen leloarekin.

Antolatzaileek, parte-hartzaileek egindako lana ez ezik, herriko merkatarien eta enpresarien laguntza ere eskertu dute; eurek egindako ekarpenei esker, hain zuzen, makinatxo bat sari banatu dituzte.

Hirugarrena bi urte barru

Hirugarren edizioari buruz galdetuta, egingo dela adierazi dute, baina bi urte barru izango dela, datorren urtean Bergaran ospatuko den Kilometroak jaia tarteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak