Hirugarren mailako 125 bat ikasle izan dira gaur San Joxepek antolatutako opari zozketan

Larraitz Zeberio Lekuona

Opari zozketa San Joxepeko bolatokian gaur arratsaldean.

Bergarako San Joxepe egoitzako bolatokia 9-10 urte arteko ikasleekin bete da gaur arratsaldean. Opari zozketa eta goxoki banaketa egin dituzte San Joxepekoek antolatuta. Pozik joan dira ikasle gazteak eta gustura gelditu dira "harremanak sendotzeko ekintzarekin" antolatzaileak. 

Urteroko ekintza da. San Joxepe elkarteko kideek Kulturaldia egiten dute udazkenean eta egitarauko ekintzen artean egoten da herriko hiru ikastetxeetako ikasleei Bergarari buruzko galdetegi bat bidaltzea. LH3ko ikasleendako izaten da eta ikasgelan egiten dute lanketa irakasleen gidaritzarekin.

Amaitutakoan, parte hartu dute ikasleen zerrenda jasotzen dute San Joxepen eta egindako lana saritzeko egoitzara gonbidatzen dituzte umeak, opari zozketa eta goxoki banaketa egiteko.

30 opariren zozketa

Hala, gaur arratsaldean San Martin, Aranzadi eta Mariaren Lagundia ikastetxeetako 125 bat ikasle elkartu dira San Joxepeko bolatokian. 

Arantzazu Kortabarriak, Karmentxu Zelaiak, Maritxu Barrenak eta Arantxa Alberdik egin diete harrera eta 30 opariren zozketa egin dute 125 ikasleen artean. Ordenagailuendako arratoi bana jaso dute sarituek. Eta ez da inor esku hutsik joan; izan ere, goxokiak jaso dituzte guztiek.

"Harremanak sendotzeko" ekintza dela azaldu dute San Joxepeko ordezkariek. Pozik joan dira neska-mutikoak eta gustura gelditu dira antolatzaileak. "Oso jarrera ona izan dute gazteek. Oso gustura gelditu gara", azaldu dute.

San Joxepe elkarteko lau ordezkari zozketa egiten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak