Eneko Muñoz: "Oso talde gaztea gara, eta gazte mailari eustea izango da helburua"

Koldo Zubia Salas

Eneko Muñoz, Euskal Selekzioarekin; partida batean. Irudia: Eneko Muñoz.

Espainiako gazte mailako lehenengo bi jardunaldiak jokatu berri ditu Burdinolak Labegaraietan. Bi norgehiagoka horietan aurkia eta ifrentzua probatu ostean, urteak zer ekarriko dion zain dago Eneko Muñoz (Bergara, 2012) jokalari gaztea.

Infantila izan arren gazte mailakoekin zabiltza; nolatan?

Joan den urtean probatzen hasi nintzen, eta aurten dagoeneko titularra naiz. Oro har, talde gaztea gara; ez dira guztiak 2010ean jaiotakoak.

Zer moduz joan zen asteburuko debuta?

Lehenengoan oso ahul aritu ginen, eta gogorik gabe; aurkariak onak ziren. Haiek erraz irabazi ziguten, baina bigarrenean gogo handiagoa izan genuen, bagenekien hobeak ginela, eta irabazi egin genuen.

Zein izango da aurtengo helburua?

Aurtengo helburua gazte mailari eustea izango da. Esan bezala, talde gaztea gara, baina proiekzio handia duena. Lan egiteko gogoa dugu, eta mailari eutsi ahalko diogula esango nuke.

Nolakoa da Espainiako gazte mailako liga? Asteburuero lehiatzen zarete?

Hori da; asteburuero partida bat jokatu beharrean, bi edo hiru izaten ditugu. Serieak izaten dira; hau da, zapatu goizean, arratsaldean eta domeka goizean jokatzen dugu. Horrela, bidaia gutxiago egiten ditugu. Mailari dagokionez, pixka bat jaitsi egin dela esango nuke, batzuek seniorrekin jokatzen dutelako. Seniorretan hiru kategoria daude, eta gazte mailako batzuek hirugarren mailan jokatzen dute. Hala ere, zaila izaten da. 

Zeure kasuan, ez duzu Burdinolarekin bakarrik jokatzen, ezta?

Duela bi denboraldi, euskal selekzioarekin jokatu nuen estreinakoz, Jacan. Aurten, Murtzian ere izan naiz eurekin. Infantiletan azken urtea dudanez, euskal selekzioarekin ere azkena izango da. Udarako, Espainiako Federazioak goi-errendimenduko campusa antolatzen du, eta Euskal Federazioak bertara joateko hautatu ninduen. 

Jarraitzen dituzu goi-mailan dabiltzanak?

Lehen mailako partidak ikusten ditut. Taldeak duen garrantziaz jabetzen naiz, norbanakoarena ez da nahikoa maila horretan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak