Guztira taldeko 22 gaztek debutatu zuten Neguko Liga Probintzialeko lehenengo jardunaldian; maila federatuan hamarrek eta eskolartekoan hamabik. Igeri Elkarteko entrenatzaile Asier Perezen esanetan, "ondo" joan zen eguna: "Lehenengo jardunaldia etxean izateak, Agorrosinen, urduritasun puntu bat eman zigun, baina dena ondo joan zen eta pozik gaude".
Igerilekua, prest
Iaz, Agorrosin kiroldegiko igerilekuko teilatuaren berritze lanak medio, ez zen erraza izan entrenamenduak antolatzea. Aurten, baina, lanak amaituta, ez dute halako buruhausterik izan. "Iaz, teilatuaren kontuarekin Elgoibarren entrenatu behar izan genuen; igarri egin genuen hori. Joan-etorri asko egin behar izan genituen. Aurten, askoz errazagoa izan da, guztia Bergaran egin dugu eta entrenamenduak hobeto optimizatu ditugu, denbora gehiago izan dugulako", dio Perezek. Igerilekua prest izateak ere joan den asteburukoa moduko lehiaketak antolatzeko bidea ireki dio klubari, eta, ondo bidean, lehenengo hura ez da Agorrosingo lehiaketa egun bakarra izango.
Zeresana emateko asmoz
Igerileku on batek, baina, igerilariak behar ditu. Bergara Igeri Elkartearen kasuan, ez dira gutxi: 127 guztira. Haietako gehienak neskak dira; %70, gutxi gorabehera. "Talde polita dugu, eta Gipuzkoa mailan lehiakorrak izatea da gure helburuetako bat. Bestea Euskal Herriko txapelketetara ahalik eta jende gehien eramatea izango da", esan du Perezek. Entrenatzailea ez da klubeko igerilari bat nabarmentzera ausartu; haren ustez, "hori jakiteko goiz da", baina iaz zeresana eman zuten hainbatek. Ekainean, 2008an jaiotako Ane Alberdi Espainiako Txapelketa absolutuan izan zen. Gainontzeko igerilariek ere Euskal Herriko txapelketetan postu politak lortu zituzten, eta taldeka ere onenen artean izan ziren.
Erronka horiek bete eta iazko bide beretik jarraitzeko izango duten egutegia ere ez da txikia: Neguko Liga Probintzialak lau jardunaldi izango ditu; horren ostean, Gipuzkoako eta Euskadiko neguko txapelketak etorriko dira; udaberriarekin batera Gipuzkoako Kopa etorriko da; eta, amaitzeko, Gipuzkoako eta Euskadiko udako txapelketak izango dira. Taldeka zein banaka lehiatuz euren denborei koska bat kentzeko gogoz daudenek hori egiteko aukerak izango dituzte, beraz.
Azkenik, Perezek gogorarazi du Igeri Elkarteko kide izan nahi duen orok ateak zabalik dituela, klubak ez baitu epemugarik jartzen. Interesa duenak 684 80 45 54 telefono-zenbakira deitu dezake.