Garaiezin iritsi da Soraluze BKE Arrasateren aurkako derbira

Julen Murua Mesonero

Iazko derbian, Labegaraietan, bergararrak erasoan.

Bostetik bost irabazita, lidergoa sendotu nahi dute bergararrek seigarrenean

Urteko lehenengo derbia jokatuko dute zapatuan, 18:00etan, Labegaraietako kiroldegian, Soraluze BKE eta Arrasate taldeek. "Derbiak beti derbi" izaten direla diote Bergarako kapitain Alatz Etxebarriarteunek eta Arrasateko kapitain Eki Letonak, eta, hortaz, Labegaraietakoa "partida gogorra" izatea aurreikusten dute batak zein besteak. Are gogorragoa, sailkapeneko talde onenetako bi elkarren aurka ibiliko direla kontuan hartuta; izan ere, Soraluze BKEk jokatutako bost partiduak irabazi ditu eta liderra da, eta Arrasate laugarren postuan kokatuta dago, hiru partida irabazita. 

Urte hasiera onak

Etxebarriarteunek dio ez dituela sorpresaz harrapatu denboraldi hasiera on horrek, "partida guztiak irabazteko" lan egiten dutelako beti eta "ligako edozein talderi irabazteko gai" direla uste duelako. Gainera, "konpromiso handia duen jendea" ikusten du taldean, eta horrek "jarrera ona izaten" laguntzen duela dio.

Letona ere gustura dago arrasatearrek egin duten urte hasierarekin, nahiz eta "emaitzak hobeak izan zitezkeen". Bi garaipen jarraian erdiestetik datoz eta hirugarrena lortzea dute begiz jota. Kapitainak dio taldea "oso motibatuta" dagoela, "azken urteetako hasiera onena" egin dutelako, eta, "hobetzeko alderdiak" dituzten arren, denboraldiak aurrera egin ahala hobekuntza horiek kantxan ikustea espero du.

Labegaraieta, kantxa zaila

Bi taldeek "oso derbi lehiatua" espero dute zapaturako. Labegaraietan irabazteari "garrantzi handia" ematen diote bergararrek, eta, taldea "zaleen aurrean eroso" sentitzen bada ere, badakite "bukaerara arte lan" egin beharko dutela bi puntuak batzeko. Letonak, bestalde, onartzen du Labegaraietako harmailek "asko estutzen dutela" eta, Etxebarriarteunek dioen moduan, "derbia azken minutuetan erabaki daitekeela" uste du. "Erasoan fin ibiltzea eta euren defentsa maila berdintzea izango dira gakoak; izan ere, ligako defentsa onena dutela uste dut", gehitu du Arrasateko kapitainak.

Goiko postuei eustea

Bost jardunaldi besterik ez dute jokatu oraindik, eta martxoan liga bukatzen denera arte gauzak asko alda daitezke. Hala ere, egindako hasiera ona kontuan izanda, ezinezkoa da helburu anbiziotsuetan ez pentsatzea. Bergarako kapitainak dio "orain arte egin bezala partidaz partida" lan egingo dutela "sailkapenean ahalik eta goren" egoteko. Hori eginez gero, euren helburu nagusia lortzetik gertuago egongo dira eta: "Igoera faserako sailkatzea". Letonak ere ildo berari eusten dio: "Orain bertan ondo sailkatuta gaude, eta goiko postuetan mantentzea dugu begiz jota". Helburua lortzeko "puntuak pilatzen jarraitu" beharko dutela onartzen du, eta horretarako lehenengo geldialdia Labegaraietan izango dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak