Momentu ezin hobean aurkitzen dira Andoni Calbano atleta, Mikel Aristi txirrindularia eta Nerea Agirrezabal arraunlaria. Kirol-ibilbidea mamitsua dute hiru kirolariek, eta azken hilabeteetan sari eta garaipen oso garrantzitsuak izan dituzte. Horren eraginez, Bergarako Udalak omenaldia egin die, udaletxean, herritarren eta senideen aurrean.
Ahalegina, sakrifizioa eta konstantzia balioan jarriz
Maila handia erakutsi dute hiru bergararrek uda sasoian, bakoitzak bere esparruan. Calbanok Europako Txapelketan errelebo mistoko proban brontzezko domina eskuratu zuen, abuztuan. Aristik, txirrindularitza profesionala utzi ostean, paratxirrindularitzako tandem mailako Munduko txapeldun bilakatu zen irailean, Imanol Arriortuarekin batera. Agirrezabalek berriz, Euskotren Liga eta Kontxako Bandera irabazi ditu Arraunlagunak taldearekin.
Garaipen eta sari bakoitzren atzean lan handia egon da, eta horrek eraman du Udala omenaldi hau antolatzera. Helburua "herriko kirolarien ahalegina, sakrifizioa eta konstantzia" balioan jartzea izan dela azaldu dute udal ordezkariek, bide batez, "kirol minorizatuetan jarduten dutenen lana" aitortuz. Azkenik, eskerrak eman dizkiete hiru kirolariei, "Bergararen izena maila gorenera eramateagatik".