Gertutik ezagutu dute Mekolaldeko araztegia 17 herritarrek

Idoia Aranbarri Arzuaga

Erreka garbiketari lotuta, urtero antolatzen du ekintza bat Bergarako Kukubaso elkarteak eta aurtengoa Mekolaldeko araztegira egin duten bisita izan da. 17 lagunek goiza han pasa dute eta Gipuzkoako Ur Kontsorzioko Iker Ibarra eta Aitor Irizarrek eman dizkiete araztegiaren xehetasunak.

Talde bat 10:00etan elkartu da Agorrosinen oinez, Mekolaldera joateko, eta gainontzekoekin 11:00etan elkartu dira Mekolalden bertan bisita hasteko. Baserria zena bulegoetarako dago aprobetxatuta eta han daude esaterako, kontrol gela eta laborategia. Kontrol gelan hasi dute bisita eta ur zikinak garbitzeko prozesua eta plantari buruzko xehetasunak eman dituzte Iker Ibarrak eta Aitor Irizarrek. Laborategia bisitatu ondoren, plantan barrena ibili dira, xehetasunak bertatik bertara ezagutzeko.

2009tik dago araztegia Bergarako Mekolalde auzoan, eta, gaur egun, Bergarako, Osintxuko eta Antzuolako ur zikinak garbitzen ditu; gaur adierazi dutenez, egunero-egunero 3 milioi litro ur zikin garbitzen dira plantan. Elgeta falta da sisteman sartzeko, baina azaldu dutenez proiektua dagoeneko aurkeztuta dago, eta espero dute lanak datorren urtean esleitzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak