Hasi dute denboraldia Burdinolako gazte mailako jokalariek, eta etxean egin dute. Denboraldiko lehen bi jardunaldiak jokatu dira Labegaraietan, egun bakarrean. 6 partida izan dira osotara, eta goizeko 10:00etatik arratsaldeko 18:30ak bitartean jokatu dira guztiak. Bergararrekin batera Madrilgo CDE Patinaje linea eta Tres Cantos PC, Bilboko Metropolitano HC, Alacanteko Marvic Halcones Torrevieja eta Bartzelonako CHL Jujol jokers taldeak izan dira.
Gazia eta gozoa egun bakarrean
Garaipena eta porrota dastatzeko aukera izan zuten Burdinolako gazteek. CDE Patinaje línea Madrid taldearen aurka jokatu dute lehen partida bergararrek. Maila handiko taldea da hau, eta markagailuan islatuta gelditu zen hori, izan ere, bederatzi eta biko emaitzarekin garaitu zuten Debagoieneko taldea. "Gaizki jokatu dugu, eta zail suertatu zaigu gola sartzea", aitortu du partida ostean Oier Lopez de Aretxabaleta jokalariak.
Ezberdina izan da bigarren partida. Kasu honetan, Metropolitano HC taldea izan dute aurrean, eta lehia estua ikusi ahal izan da Labegaraietan. Burdinolak izan du abantaila partidaren zati handienean, baina, Metropolitanoko jokalariak ez dira kikildu. Hala ere, zazpi eta bosteko emaitzarekin eskuratu dute garaipena bergararrek. "Hasieran zail xamarra izan da gola sartzea, eta partida oso entretenigarria izan da, ia partida osoan berdinduta egon garelako. Hala ere, amaieran bi gol sartzea lortu dugu, eta pozik gaude", adierazi du Lopez de Aretxabaletak.