Informazio mahaiak jarriko ditu Katxalinek bihar Bergaran bularreko minbizia ikustarazteko

Idoia Aranbarri Arzuaga

Katxalineko eta Udaleko ordezkariak aurtengo kartelarekin Olaso dorrearen atarian.

Urriaren 19an da Bularreko Minbiziaren Aurkako Nazioarteko Eguna, eta Bergarako Udalean lazo arrosa daraman pankarta bat jarri dute beste urte batez. Era berean, Katxalin Elkarteak informazio mahaiak jarriko ditu bihar herrian zehar eta beste hainbat ekintza antolatu ditu datozen hilabetetarako. 

Bihar, herriko hainbat puntutan informazio mahaiak jarriko dituzte; herritarrek dohaintzak egiteko aukera izango dute eta paparrean jartzeko lazo arrosak emango dizkiete haiei. Azaroaren 15ean, berriz, martxa egingo da Donostian, eta Bergaratik autobusa aterako da 09:00etan. Itzulerako autobusa 14:00etan izango da –bazkaria egongo da Agorrosinen–. Martxaren amaieran, ekitaldia egingo dute eta gutxi gorabehera 30.000 euroko txekea emango diete Bio-Gipuzkoari. Movemberrekin ere egingo dute bat, eta urteroko Agorrosingo pedalkadak babestuko dituzte.

Kamisetak eta autobuseko nahiz bazkarirako txartelak Bego&Mariaje ile-apaindegian eros daitezke 09:30etik 12:30era eta 15:30etik 18:00etara bitartean. Halaber, herriko komertzio gehienetan salgai daude loteria partizipazioak, eta adierazi dute ez dela inolako arazorik egongo txartel-sortekin, "loteriako profesionalen elkargo ofizialak emandakoak baitaira, eta behar bezala identifikatzeko ikur ikusgarriak baitituzte".

Urtea amaitzeko, Gabonetako artisautza-azoka antolatuko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak