Gizonezkoak ez dira nahi bezala hasi, baina, joan den astean Azkoagainen jokatutako derbia irabazi ostean, sailkapenean gora egiten jarraitu gura dute, bihar Agorrosinen Zumaiako garaituta. Emakumezkoan taldeak, ostera, Euskal Ligan debuteko denboraldia du; Zarautzen aurka etxean berdintzetik datoz, eta puntu barik dagoen Alegriaren bisita jasoko dute.
Gizonezkoak, puntu beharrean
Luken Arriola: "Gure egoera zein zen jakinda, derbia irabazteak asko lagundu du; taldeak gehiago nahi du, eta dinamikari eusteko garrantzitsua izango da asteburukoa"
Oier Ugaldek eta Ibai Lizeagak taldea utzi ostean, Oihan Larrañaga, Ibai Arabaolaza, Jokin Zeziaga eta Mikel Peñin jokalariekin eta Iñaki Mardaras entrenatzailearekin indartu da Bergarako gizonezko taldea udako etenaldian. Taldean urte asko zeramatzaten jokalariek taldea utzi dute, eta gazteei bidea eman diete; eta halakotan ez da erraza izaten erritmoa hartzea. Lesioek ere ez diote taldeari nahi lukeen mailan lehiatzen utzi. "Ez da nahi genuen hasiera izan, baina taldea oso gogotsu ikusten dut denboraldi hasieratik, staff-ak dioena zelaian islatzeko gogoarekin. Esperientzia zuten jokalariak joan zaizkigu, baina taldeko gazteak gogotsu daude euren maila erakusteko", dio Luken Arriola kapitainak. Iaz, inoren eremu deitzen zaion horretan amaitu zuen Bergarak, 40 punturekin. Arriolak dioenez, aurten ez dute helburu jakinik, baina sailkapenean "ahalik eta goren" amaitu gura dute: "Denboraldia oso luzea da, eta denboraldia aurrera doan heinean zehaztuko da zein den helburua. Aste honetako helburua Zumaiaren aurka ondo jokatu eta irabaztea da".
Zazpigarren postuan eta zortzi punturekin dator Zumaiako Agorrosinera, hamahirugarren eta lau punturekin dago Bergara, partida bat gutxiagorekin. Orain arte etxean jokatutako bakarra galdu ostean, zelaian hiru puntuak eskuratzeko "irrikan" daudela dio Bergarako kapitainak. Norgehiagoka bihar jokatuko da, 12:00etan.
Emakumeak, "gogotsu"
Sara Balentziaga: "Epe luzera begira dugun helburua mailari eustea da; hori lortzeko talentua soberan dugula esango nuke, baina partidaz partida goaz"
Emakumezkoen taldeak lehen denboraldia du Euskal Ligan, eta mailari eustea izango da aurtengo erronka. Sara Balentziaga kapitaina "pozik" dago lehen jardunaldietan emandakoarekin, eta helburua lortzeko maila "soberan" dutela dio: "Halako maila batean jokatzeko gogoz geunden, eta nabaritu egin da hori; pozik nago taldeak lehen partida hauetan emandakoarekin". Gaineratu duenez, hasiera-hasieratik nabaritu du maila "handiagoa" dela: "Fisikoki nabari da hori; jokoa azkarragoa da, pentsatzeko ez dago hainbesteko denborarik eta intentsitatea ere handiagoa da. Maila berria ezagutzeko prozesuan gaude, eta esango nuke pixkanaka hobetzen ari garela". Batzuek taldea utzi badute ere, oro har, bloke nagusia mantendu egin da, eta Leire Garate eta Laia Azkarateren fitxaketak izan dituzte.
Azken partida berdindu egin zuen Bergarak. "Balorazio positiboa egiten dut; baloiarekin sentsazio onak izan genituen", esan du Balentziagak. Domekan, 17:00etan, Alegria izango dute aurkari eta Nerea Agirrezabal arraunlaria omenduko hasi aurretik. Azken postuan daude arabarrak, baina horrek ez duela "ezer esan nahi" dio kapitainak, eta, etxean jokatuta, hiru puntuen bila zelairatuko direla; taldearen "indarguneetako bat hori da eta".
