Leizaranen aurka 35-29 nagusituta lortu zuten laugarrena erreskadan, lehen zatian egindako lan ona eta azken minutuetan izandako nagusitasuna uztartuta. "Lau partidak banaka hartuta, espero nuen. Baina laurak erreskadan irabazteak harritu nau, halakoetan beti izaten delako egun txar bat", esan du Joseba Elortza entrenatzaileak. Puntu guztiek berdin balio dutela badaki entrenatzaileak, eta, dagoeneko zortzi puntu lortuta, play-off-etan amaitzeko pauso handia egin dutela dio: "Iaz, 22 puntu egin genituen; pentsa, lanaren heren bat egin dugula esan nahi du horrek".
Lezon, bigarrenen aurka
Bihar, Lezoko Bekoerrota kiroldegian, boladan jarraitzeko asmoarekin kantxaratuko da Bergara. Ez da erraza izango; hiru garaipen eta berdinketa bakarrarekin, bigarren postuan dagoen Munttarpe izango dute aurkari. "Gol askoko partida aurreikusten dut, bi taldeak golegileak garelako. Kontraerasoan eta balantzean ondo dagoenak eramango du partida", amaitu du Elortzak.